Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bere lur-sailean mimoz aldatu eta zaindutako arbolak ditu lakuntzar batek. Lan asko egina da zuhaitz horiek behar bezala kimatu eta egoki aurrera atera daitezen. Baina gizonak azken aldian ez du bakerik. Ezezagunak bitan sartu zaizkio lursailean eta aizkoraz 85 zuhaitz moztu dizkiote. Zuhaitzen kontrako lehen erasoa 2007ko abendu akaberan izan zen. Orduan 19 lizar, beste horren-beste gereziondo eta 4 intxaurrondo moztu zizkioten, 42 guztira. Bigarren erasoa maiatza erdialdean izan da. Aizkolariak 26 lizar, 12 intxaurrondo eta 5 gereziondo moztu ditu. 43 zuhaitz moztura. 8 eta 12 urte bitarteko zuhaitzak ziren. Haietako batzuk 14 cm-ko diametroko enborra eta 9 metroko luzera ere bazuten. Zuhaitzak moztu dizkioten lakuntzarrak ez du "horrelako jokabiderik ulertzen". Berak esan digunez, "inorekin ez dut arazo pertsonalik. Lanarekin zerikusia duen zerbait izanen daiteke". Lakuntzarra Sakanan basozaina da. Kexu azaldu zaigu: "inork basoen kudeaketarekin arazorik badu, zuzendu dadila behar duten tokira eta ez dezala langile baten kontra jo". Bestalde, Ergoienako basoan martxoaren 19an izandako suteak lakuntzarrak, lanagatik, gertutik bizi izan zituen, eta ez du ulertzen zergatik eman zioten basoari su 7 tokitan.