Lakuntzako txokoak mihise gainera

Guaixe 2009ko ekainaren 12a

Gonbidapen hori egin die Lakuntzako Udalak margolariei. Kaleko VI. Pintura Lehiaketak kalera aterako ditu igandean animatzen diren artista guztiak. Goizeko 10:00etan emanen diote hasiera lehiaketari. Margolariek izena ematea izanen dute lehen lana. Herriko plazan izanen dute horretarako lekua, 11:00etarako. Hortik aurrera, Lakuntzako ondare artistiko, paisajistiko edota kulturala mihise gainean jasotzeko ahalegina eginen dute artistek. Margo teknika librea erabili ahal izanen dute horretarako. Lanaren alderik luzeenak ezingo du 100 zentimetro baino gehiago neurtu. Bi kategoria bereiztu ditu Lakuntzako Udalak: helduena eta 17 urte bitartekoena. Hiru sari banatuko dira helduen kategorian, lehenengoarendako 500 euro, bigarrenarendako 250 euro eta lehen herritarrarendako 150 euro. 17 urtetik beherakoen arteko onenak sari aproposa jasoko du: pintura materialez betetako maletin ederra. Lakuntzako Udalak izendatuko du epaimahaia eta haren erabakia aldaezina izango da. Saritutako lanak udalaren jabegora pasako dira. Iaz 13 margolari eseri ziren koadro-astoen aurrean, tartean zenbait lakuntzar. Jose Ingacio Amiliak jaso zuen lehen saria eta Mª Ines Urrak bigarrena. Herritarrarendako saria, berriz, Jokin Alegriarendako izan zen. Txikien mailan 9 aurkeztu ziren, gehien-gehienak lakuntzarrak, eta Ane Bañaskok jaso zuen saria. Igandean amaituko da Kultur illeKultur jardueraz betetako hilabetearen ondoren, igandean agurtuko dute lakuntzarrek 2009ko Kultur ille. Baina oraindik ere azken asteburua geratzen da eta, hau ere, ekitaldiz lepo dator. San Saastin musika eskolako ikasleek emanen diote hasiera asteburu kulturalari. Gaur arratsaldeko 17:30ean, kurtso amaierako kontzertua eskainiko dute elizan. Bihar, 12:00etan, berriz, soinketa erritmikoko gazteek eskainiko dute erakustaldia, herriko pilotalekuan. Larunbat arratsaldean, 19:00etan, dantza garaikideaz gozatzeko parada izanen dute lakuntzarrek, Kon mocion taldearekin. Zenbait eremutako pertsonek osatzen dute talde hau, antzerki, gorputz adierazpen edo dantza munduko kideek. Dantza ikertu eta adierazpena lantzeko nahiak bildu ditu guztiak. Becky Siegel koreografoaren zuzendaritzapean, ikuskizun ederra eskainiko dute, inprobisaziotik abiatuta. Korpus eguna bete-beteKultur ille ixteko, jardueraz beteta dator Korpus eguna. Kirolariek emanen diote hasiera egunari, VI. Lakuntza-Aralar mendi lasterketarekin. Horiekin batera, kalera irtengo dira margolariak ere, Kaleko VI. Pintura Lehiaketara. Bazkalostean emanen diete segida Korpus eguneko ospakizunei lakuntzarrek. Udalak pintura, eskulan eta lentzeria tailerretako ikasleek egindako lanak aterako ditu kalera. 19:00etan Alkate dantza dantzatuko dute kintoek. Bertaratzen direnek eztarriak bustitzeko aukera izanen dute 20:00etan, auzatean. Eguna jai giroan agurtzeko, dantzaldia eskainiko du Ludi berriak taldeak.