Aritz Kortabarria azkarrena Lakuntza-Aralarren

Guaixe 2009ko ekainaren 15a

Goizeko 9:30ean 20 gradutik gora markatzen zuen termometroak, eta panorama horrekin atera ziren VI. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan parte hartu zuten korrikalariak. 268 zeuden izen emanda Zabalarte Klubak antolatutako proban, baina 204 abiatu ziren, tartean sakandarrak. Lakuntzakoa Nafarroako Mendi Federazioak aurten lehenengoz antolatutako Mendi Lasterketen Nafarroako I. Koparako baliagarria zen. Giro ederra zegoen Lakuntzan, Corpus Eguna izaki festa baitzen. Horri korrikalariak animatzera etorritako jendea eta kaleko pintura lehiaketa batuta, kalean egoteko aukera ederra zen. Bitartean korrikalariek sufrikario latza zuten, probaren gogortasunaz gain - 28,5 kilometro eta 2.308 metroko desnibela - beroa baitzuten arerio. Hala ere, mendian aire freskoa omen zebilen, eta hori asko eskertu zuten kirolariek. Indarrik gabeHasieratik Aritz Kortabarriak eta Zuhaitz Ezpeletak tiratu zuten, eta hiru korrikalari gehiagorekin izan ziren aurrean; Lasaga, Santamaria eta Igarzabal. Hirumugarrietaraino batera heldu ziren, baina gero taldetxoa hautsi egin zen. Hori bai, Aritz Kortabarria eta Zuhaitz Ezpeletak batera jarraitu zuten, helmugara arte. Kortabarria pixka bat aurreratuta zetorren, atzean Ezpeleta zuela, eta biak ahituta iritsi ziren helmugara, sprintik jokatu gabe. "Lasterketa oso gogorra izan da baina oso polita. Indarrik gabe bukatu dugu" zioen iaz ere garaile izan zen Aritz Kortabarria arrasatearrak (2:14:30). Iritzi berekoa zen lesionatuta egon eta gero Lakuntzan lehiaketetara itzuli zen Ezpeleta, Kortabarriaren atzetik hiru segundora sartu zenak. Lasaga izan zen hirugarren eta probako lehen nafarra, 24 segundora. Emakumeei dagokionez, Mari Cruz Aragon izan zen azkarrena (2:43:35). Sakandarrak ere asko eta txukun aritu ziren. Lehen sakandarra helmugara zazpigarren tokian iritsi zen Francisco Javier Gomez Fernandez izan zen (2:25:05). Aldi berean, probako bigarren beteranoa izan zen altsasuarra. Eta Beñat Katarain izan zen lehen lakuntzarra, helmugara 36. tokian sartu eta gero (2:41:49). Indarrak berreskuratzeko auzate ederra zegoen plazan, eta nahi zutenek Surya Masaje Eskolako kideen masaje ederra jaso zuten. Zabalarte Klubak Nafarroa Oinezekin kolaboratu zuenez, korrikalari guztiek Nafarroa Oinezeko kamiseta ederra jaso zuten opari, eta dortsalek ere Oinezeko Argiñe maskotaren irudia zeramaten. Argiñe bera izan zen sari emate ekitaldian. Irabazleek 350 euro jaso zituzten, bigarrenek 120 euro eta hirugarrenek 80 euro, trofeoez gain. Laugarren, bosgarren eta seigarrenendako kirol jantzia izan zen. Lehen sakandarrak eta lehen lakuntzarrak trofeoa jaso zuten, eta kategoria bakoitzeko lehenengo hirurek trofeoa eraman zuten etxera. Sakandarren sailkapena1. Aritz Kortabarria: 2:14:307. Francisco Javier Gomez: 2:25:0513. Antton Zelaia (2:27:24)16. Jose Luis Beraza (2:30:34)22. Fermin Gabirondo (2:34:53)25. Migel Angel Lanchas (2:37:09)30. Iñaki Lopez (2:39:20)36. Beñat Katarain (2:41:49)56. Ion Arrieta (2:46:49)63. Patxi Cano (2:48:03)80. Santi Galarza (2:52:42)84. Juan Carlos Gomez (2:54:40)114. Migel Senar (3:03:38)119. Egoitz Aldaz (3:05:55)120. Jone Pelaez (3:05:56)122. Maitane Txueka (3:06:41)123. Jose Antonio Salgado (3:06:42)129. Josema Leitza (3:09:54)141. Luis Flores (3:13:26)158. Aingeru Azazeta (3:21:25)184. David Oroz (3:38:39187. Tomas Mauleon (3:40:04)192. Josean Marquez (3:46:32)