Enpresa baten "jarrera antisindikala" salatu du LABek

Guaixe 2009ko ekainaren 17a

LAB sindikatuko hainbat ordezkarik aurreko ostiralean kontzentrazioa egin zuten Proerai SL enpresaren aurrean. Ordu erdiko kontzentrazioarekin LAB sindikatuak enpresa horretan egon den "sekulako jazarpen sindikala" salatu nahi zuen. Sindikatutik azaldu digutenez, hilaren 9an hauteskunde sindikalak egiteko aurre-abisua aurkeztu zuten. LAB-ek azaldu duenez, "enpresak hori jakin zuenean, langileengana joan zen LAB-eko hautagaia zein zen jakin nahian. LAB-en hautagaia zein zen jakin zuenean, kaleratzeari ekin zion". LAB sindikatuak zabaldutako oharrean dio enpresan "jarrera antisindikala ohikoa" dela. Aurretik ere ELA-ko bi hautagaik egoera bera bizi izan dutela jakinarazi dute LAB-etik. Sindikatuak enpresari leporatu zion "prekarietatean sakontzea" eta "jazarpen sindikalaren bitartez langileak euren eskubideei muzin egitera behartzea". LAB-ek jakinarazi duenez, "borrokan jarraituko dugu langilea berriro ere lanera bueltatzeko eta baldintza demokratikoak sortzeko".