Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eguerdian Industrial Barranquesako langileek ordu erdiko kontzentrazioa egin dute enpresaren aurrean. Protestarekin langileek adostu gabeko enplegu erregulazio espedientea (EEE) indarrean jartzea salatu dute. EEE maiatzetik urte bukaera artekoa da eta 75 lan egun hartzen ditu. Lantegian aritzen diren 70 langileetatik 63ri eragiten die espedienteak. Langileek "zuzendaritzaren elkarrizketarako eta negoziaziorako erakutsitako borondate falta" ere salatu dute. Enpresa batzordetik (4 ELA eta LAB 1) azaldu digutenez, apiriletik zuzendaritzarekin harremanetan egon dira EEE dela-eta kobratu beharrekoa zehazteko. "%70a jasotzen dugu langabeziatik, baina enpresak bere aldetik zerbait ordaintzea nahi genuen, %75-85 era iristeko. Ez genuen ezer zehatzik proposatu". Enpresa batzordetik eskaera hori argudiatu digute esanez "aurreko bi urteetan lan asko egin dugu eta irabazi handiak izan dira". Langileen ordezkariek azaldu digutenez, apirilaz geroztik luzatutako hartu-emanak aurreko astean eten ziren zuzendaritzak "ez zuela negoziatuko esan zuenean". Industrial Barranquesan haize errotetarako bridak egiten dituzte eta sektore horretan eskaera asko jaitsi da.