Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den astetik Lakuntzako eliza aldamioz inguratuta dago. Metalezko egiturak beharrezkoak dira kanpandorrea txukundu ahal izateko. Anastasio Lazkoz apaizak esan digunez, "eliz dorrea oso gaizki dago. Batez ere, mendebaldeko aldea. Dorrea harberaz egina da eta izoztutako urak lehertu egin du hainbat tokitan. Gainera, ezkila-dorre barruko toki batzuetatik kanpoko aldea ikusten da harri artetik". Guztia egoki uzteko langileek lehenik arearekin garbitu dute eliz dorrea. Ondoren, harrien arteko juntak behar bezala hartuko dituzte eta, azkenik, harriari tratamendu hidrofugoa emanen diote. Lanek 37.000 euro inguruko aurrekontua izanen dute. Hura estaltzeko Lakuntzako parrokiak Nafarroako Kutxako zeuk erabaki, zeuk aukeratu programan egitasmoa aurkeztu du. Lanen aurrekonturako dirua ere elizan bertan eman daiteke. Eguneko zentroaAnastasio Lazkozek jakinarazi digunez, parrokiaren asmoa da apez-etxearen beheko eta lehen solairuan eguneko zentroa prestatzea. Zentro horrek gaur egun Altsasura joan behar duten lakuntzarrei emanen lieke zerbitzua. Eraikinaren gainontzeko solairuetan apaizaren etxea eta katekesia emateko gelak egokitu nahiko lituzkete. Parrokiak bere ideiaren berri dagoeneko eman dio udalari. Baina egitasmoa aurrera eramateko enpresa, artzapezpikutza edota erakundeen laguntza beharrekoa izanen luketela argitu digu Lakuntzako apezak. Eraikinean lan handiak egin beharko lirateke, esaterako, dauden itajura ugariak kentzeko. Egitasmoa lagundu nahi dutenek parrokiara jo dezakete. Baina egitasmoa gorpuzteko gutxienez udaletxeko lanak despeditu arte itxaron beharko da, lan horiek irauten duten bitartean udal bulegoak apez-etxean baitaude.