Mikel Goñik eta Lasak bikoa osatuko dute gaur Lakuntzan

Guaixe 2010eko urtarrilaren 22a

Lakuntzako Sansastin festak direla eta, Garfe enpresak jaialdi ederra antolatu du Lakuntzako Behar Zana pilotalekuan. Jaialdia gaur izanen da, hilaren 22an, ostiralean, arratsaldeko zortzietan hasita. Lehen partidan Iurgi Flores ziordiarrak Asteasu izanen du arerio lau t´erdian, eta bigarren partidan, bikoteka, Kokak Sainz II.arekin osatuko du bikoa Mikel Goñiren eta Oskar Lasaren kontra egiteko. Sarrerak salgai daude 15 eurotan. Ikusmira handiaGaurko jaialdi horrekin gutxira arte Aspen edo Asegarcen aritzen ziren pilotariak gertu ikusteko aukera bikaina eskaintzen da. Nahiz eta puntako taldeetan ez aritu pilotari lotuta jarraitu nahi dute pilotari hauek eta ikusi behar ea lehengo kolpea galdu duten edo oraindik primerako ikuskizuna emateko gai diren. Ikusmira behintzat sortu du jaialdi honek. Mikel Goñik beti pizten du jakinmina eta jendea erakartzeko grina dauka. Doneztebekoak abenduaren 31ra arte Aspen zebilen Oscar Lasa etxarriarraren laguntza izanen du atzeko koadroetan. Izan ere, Oscar Lasak taxi lanetan eta aseguru bulego batean behar egiteko asmoa du, baina pilotaren arra asetzeko noizbehinka Garferen jaialditan ariko da. Biko honek Lakuntzan bilduko diren ikusle sakandarren babes gehiena izango du, baina gogotik egin beharko du lan Asegarceko pilotari ohi Kokaren eta Sainz II.aren kontra irabazteko. Lehia bizi-bizia izango da, ziur. Bestalde, Iurgi Flores gazte ziordiarraren bilakaera ikusteko aukera emango digu jaialdiak. Ea Asteasuren kontra gailentzeko gai den.