Lagun Arteak Preferenteko goi postuetan egotea du helburu

Guaixe 2009ko irailaren 9a

Lakuntzako taldearen entrenatzaile berria Sergio Labat "Txetxo" izanen da. Haize berria du taldeak, baina jokalari gehienek jarraitzen duteAsteburuan hasiko da Preferente eta Erregional mailetako futbol liga. Preferente mailan talde sakandar bakarra izango dugu, Lakuntzako Lagun Artea, eta Erregional mailan bi: Etxarri eta Altsasu taldeak. Guaixek denboraldi berrirako hiru taldeen asmo eta plantillen berri emango du, eta astero talde bat izanen dugu hizpide. Aste honetan Lagun Artearen txanda da. Iaz denboraldi txukuna egin zuen Lagun Arteak. 45 punturekin, seigarrena izan zen sailkapenean, Pamplona liderrarengandik 21 puntura. "Jokalari asko lesionatu ziren eta askotan arazoak izan genituen taldea osatzeko. Pentsa! Batzuetan atezainak jokalari moduan aritu behar izan ziren, taldea ezin osatu baikeunden!" dio Lagun Arteako presidente Santiago Mendinuetak. Helburua goiko postuetan ibiltzea zen, eta 16 talderen artean seigarrena sailkatzea ere ez da txantxa. "Txetxo", entrenatzaile berriaAurten haize berria dabil Lakuntzako Zelai Berrin. Entrenatzaile berria dago lanean, Gazte Berriak klubetik datorren Sergio Labat "Txetxo", 25 urteko gaztea. Aurreko entrenatzaileak, Jose Antonio Claver altsasuarrak, aldaketa baten beharra ikusten omen zuen. "Jokalariak ere ohitzen eta erlaxatzen doaz eta haize berria behar zela zihoen berak. Gainera, familia izan behar zuen eta finean entrenatzaile berria ekartzea erabaki genuen. Gaztea da, Gazte Berriaken aritu da eta ilusio askorekin etorri da" dio presidenteak. Aurreko urteetan bezala entrenatzaileak Jesus Mari Zabarte "Casto" izanen du laguntzaile, lakuntzarrak entrenamenduen eta materialaren ardura izanen jarraituko baitu. Lagun Artearen helburua, iaz bezala, goiko postuetan egotea eta ahal bada igoera postuetarako sailkatzea da, eta zergatik ez, igotzea. Baina oso konplikatua da. "Oso zaila da goian egotea, talde oso onak baitaude, ekonomikoki oso indartsuak direnak. Berriki jaitsi diren Lagunak, Ardoi, igo den Infanzones, Mutiloa... oso talde sendoak dira, instalazio ikusgarriak eta baliabide handiak dituztenak. Baina horren jakitun gara eta herrietako talde txikietako juntakoek lan handiagoa egin behar izaten dugu aurrekontuak ixteko eta taldearen martxa emateko. Dena den, kirol alorrean euren mailan gaude, eta gure ilusioa eta gogo guztia jarriko ditugu" gaineratzen du Mendietak. Entrenatzaileaz gain, Lagun Arteako plantillak ez ditu aldaketa nabarmenik izan. Iazko 25 jokalarietatik 17k jarraitzen dute, eta 8 berri daude, horietatik sei iruindar, horietatik batzuk entrenatzaile berriarekin etorri direnak. Plantillaren gehiengoa sakandarra da: 16 jokalari Sakanakoak edo gertuko Udabekoak dira, eta gainontzeko 8ak iruindarrak, batzuk entrenatzaile berriarekin etorriak. Aurre denboraldi politaAurre denboraldian sei partida jokatu ditu Lagun Arteak eta nahiko ongi ibili da. San Jorgeren kontra bana berdindu zuen; Beti Kozkor 5-0 hartu zuen menpean; hirugarren mailako Lagun Onak ahaltsuaren kontra 1-3 galdu zuen; Mutilberari 1-4 irabazi zion eta Gazte Berriak eta Altsasuren kontra ongi aritu zen. "Batzuek diote hobetu dugula, baina lagunarteko partidetan ez da hori benetan iragartzen. Ea zer moduz gabiltzan ligan" dio presidenteak. Dagoeneko hasi dira entrenamenduak. Itxesalden egiten dituzte saio gehienak, eta partidak Zelai Berri zelai ederrean jokatzen dira. Etxeko partidak igandetan jokatuko ditu Lagun Arteak, zaletuek nahiago baitute partidak igandean izatea. "Denboraldi batez larunbatetan jokatu genituen, baina ez zuen funtzionatu" dio presidenteak. Jokalariek gogotsu hasi dute martxa, eta giro ona dago taldekideen artean. Denboraldirako iazko aurrekontu paretsua du Lagun Arteak, 30.000 euro ingurukoa. Bazkideen kuotak (300 inguru), Sakana Fundizioak eta gainontzeko babesleek emandako laguntzak, eta udalaren babesa ezinbestekoak dira horretarako, eta partidak etxean jokatzen direnean taberna gestionatu, sarrerak saldu eta urdaiazpikoa zozketatzen du zuzendaritzak. "Zaila izaten da aurrekontua ixtea, baina guztien artean lortzen dugu" dio lehendakariak, krisi garaietan guztien laguntza izaten jarraitzea espero du. Bestalde, zaleen babesa eskertzen du, zaleek futbolera joaten jarraitzen baitute. Igandean Burlades arerio16 talde ariko dira Preferente mailan, eta Burlades izango du lehenengo arerio Lagun Arteak. Partida Lakuntzan jokatuko da, Zelai Berrin, 17:00etan. Ea nolako hasiera duen ligak.  LAGUN ARTEA 2009-2010JokalariakAtezainak: Gorka Imaz (Lakuntza), Dani Garcia (Iruñea, gurasoak Irurtzungoak) eta Javi Leon (Iruñea).Atzelariak: Iosu Arraiza (Lakuntza), Eneko Cruz (Uharte Arakil), Xabi Bakaikoa (Lakuntza), Benito Anguas (Uharte Arakil), Iraitz Senar (Lakuntza) eta Mikel Nieto (Iruñea). Erdilariak: Jonathan Medina (Altsasu), Iñigo Palomo (Altsasu), Jokin Sala (Udabe), Jonathan Davila (Altsasu), Joseba Bakaikoa (Lakuntza), Ruben Erbiti (Egiarreta) eta Ruben Ibarrola (Iruñea). Aurrelariak: Ion Mendieta (Uharte Arakil), Arkaitz Gasco (Altsasu), Joseba Montoya (Altsasu), Sergio Anguas (Iruñea), Migel Moreno (Etxarri Aranatz), Ibai Pla (Iruñea), Endika Santesteban (Iruñea) eta Diego Izurdiaga (Iruñea).  TeknikariakSergio Labat "Txetxo" (entrenatzailea) eta Jesus Mari Zabarte (materiala eta entrenamenduak).ZuzendaritzaSantiago Mendieta (presidentea), Carlos Ruiz de Erentxun (presidente ordea), Migel Angel Areta (idazkaria), Jose Mari Lanz (diruzaina), Javier Andueza, Jesus Arraiza, Xabi Betelu, Eugenio Ziria, Jesus Mari Goikoetxea, Juan Ignacio Mendieta eta Jesus Mari Zabarte.