Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko astean izandako euri zaparradak direla eta Bat Egin Eguna lekuz aldatu behar izan zuten azken momentuan antolatzaileek. Honela, Lakuntzako herria bihurtu zen 2009ko Bat egin eguneko eskenatoki. Eta aurreko eguneko lanen ondotik herria 3 guneetan banatuta esnatu zen igandean: Bat, egin, eguna guneak.KontrolakGoizeko lehen ordutik Guardia Zibilak kontrolak jarri zituen Lakuntzako sarrera guztietan, baita Irurtzunen eta Zuastin ere, bertaratzen ziren guztiak identifikatuz. Hala ere, Lakuntzara iritsi ziren Euskal Herri osotik iritsitako herritarrak jai giroan elkartzeko gogoz. Goizeko lehen orduan etxeko txikienak eta ez hain txikiak izan ziren protagonista. Nahiz eta askorendako Porrotx pailazoaren bisita bakartia ezustekoa izan, barre algaraka hasi ziren segidan neska mutikoak. Porrotxek bildutakoei gomendio esanguratsua eman zien bukatzerakoan: "Bihotza, burua, eskua. Sentitu, pentsatu, ekin!""Mandela izan zen gisara, injustiziaren ikur"Eguerdiko 13:00etako ekitaldi nagusiak jende andana bildu zuen Lakuntzako plazan. Arkaitz Estiballesen bertsoen ondotik Maribi Ugarteburuk hartu zuen hitza. Egun kartzelan dauden auztipetuak gogoan izan zituzten eta Elkorok eta Zalakainek bidalitako eskutitza irakurri zuten segidan. Dueñaseko espetxetik bidalitako mezuaren bidez, etsipenean ez erortzeko eta aurrera egiteko deia zabaldu nahi izan zuten biek. Udalbiltzak gauzatutako Euskal Herriko Eskubideen Karta eskuetan eta ahoan izan zuen Ugarteburuk. Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak ez direla bermatzen azpimarratu eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egitea ez dela delitua nabarmendu zuen.Honen ondotik Egunkaria auzian auzipetutako Martxelo Otamendik hartu zuen hitza, eta orain arte bezala etorkizuneko epaiketen aurka ere herritarrek protesta egin dezaten eskatu zuen. "Bada garaia epaiketak irabazten hasteko. Jende gehiegi dugu kartzeletan; ez dadila inor gehiago joan eta bertan daudenak etxean behar ditugu". "Gora eta bizi Euskal Herria" ohiukatuz bukatutzat eman zuen ekitaldia Maribi Ugarteburuk.Bazkal ordurako dena prest zegoen eskola inguruan. Babarrun janarako txartelak erosteko zortea izan zutenenek frontoian zuten lekua. Gainontzekoek, pintxo morunoak, taloak, bokatak edo eta sardinak jateko aukera izan zuten. Bazkal ondoko giroa Fermin Valentzia abeslariak alaitu zuen. Mahaitik mugitu bezain laster, arratsalde partean musikak hartu zuen lekukoa eta Vendetta, Dangiliske eta Hesian taldeek parrandarako eta aldarrikapenerako giroa uztartu zuten.Balorazio oso positiboaBat Egin Eguneko antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute eta izandako oztopo guztien gainetik, lau mila lagun elkartzea lorpen handia izan dela nabarmendu dute. Bestalde, Sakanako herritarrek emandako laguntza eskertu nahi izan dute eta aldi berean Auzitegi Nazionalaren eta Guardia Zibilaren jarrera salatu dute.