Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lagun Arteak partida erraza eta erosoa jokatu zuen igandean Amayaren kontra. Egia esan Iruñekoak ez ziren aurreko urtetan bezain borrokalari zelairatu, eta Lakuntzakoak indartsu atera eta lehen zatian jaun eta jabe aritu ziren. Horrela, atsedenaldira Diegok, Montoyak eta Migelek sartutako hiru golen errentarekin joan ziren Lagun Arteakoak. Bigarren zatian, 65. minutuan, Amayakoek kontrako atea zulatzea lortu zuten baina egia esan ez ziren gauza gehiago egiteko kapaz izan. Aipatzekoa da Lagun Arteako Ruben eta Enekoren maila, bikain aritu baitziren. Hiru jardunaldi jokatuta, Ardoi da Erregional mailako liderra, 9 punturekin. Lagun Artea laugarren postura igo da, 6 punturekin. Eta hain zuzen ere larunbatean Zizurren jokatuko du Lagun Arteak, Ardoi liderraren kontra. Ea itxura bera eman, puntuak pilatu eta goiko postuetan jarraitu ahal duten lakuntzarrek.