Zinema erabat berrituko da

Guaixe 2009ko azaroaren 10a

Gauzak ongi Espainiako Etxebizitza Ministerioak udalari aurreratu dio zinemako lanak heldu den ekaina aldera has litezkeela. Egungo eraikina bota eta beste berri bat jasoko litzateke. Eraikina zaharberritzeko asmoa aurreko legegintzaldian sortu zen. Udalak estatuko 300.000 euroko diru-laguntza lortu zuen zinema egokitzeko. Baina halako azpiegitura batek bete beharrezko baldintza guztiek hainbat aldaketa egitea eskatzen zuten. Aurrekontua 680.000 eurora igotzea zekarren. Legegintzaldi honetan, udal aldaketarekin, egitasmoa esku artean zutela Ministerioarekin harremanetan jarri ziren. Teknikari bat Lakuntzan izan zen zinema ikusten eta udaletik adierazitakoa, herriak beste gauza bat behar zuela, ulertu zuen. Beste egitasmo bat aurkezteko aukera izan zuen Lakuntzako Udalak. Herrian egindako batzarrek premiak eta beharrak identifikatu zituzten eta hala ondu zen aurrera eginen duen proiektuak. Ministerioak ordainduko ditu lanok. BatzarraLastailaren 23an Lakuntzako Udalak batzarra hots egin zuen, udaletxeaz eta zinemaz aritzeko. "Herriaren beharren azterketa abiapuntutzat hartuz, eraikinen erabilpen eta kudeaketa plana egitea" zen udalaren asmoa. Jende ugari agertu zen. Udaletik adierazi zenez, bi lan horiek eginik herritarrei zerbitzu guztiak eta ikastaroak emateko toki egokia izanen zen. Batzarrean izan ziren jubilatuetako batzuek ez zuten begi onez ikusten plazan bertan duten tokia uztea. Udaletik argudiatu zen egungo egoitza txikia dela, eta bizi itxaropena handitu denez, etorkizunean jubilatu gehiago izanen direla.UdaletxeaBehe solairuan mediku kontsultategia eta liburutegia egonen dira. Lehen solairuan udal bulegoak. Bigarren solairuan ikastaroak emateko gelak eta alderdiendako gelak. Ganbaran erabilera anitzeko gela eginen da. Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu  funtsarekin finantzatu diren 2. eta 3. solairuko lanak abendurako despedituta egonen dira. Udaletxekoa, aldiz, udaberrirako erabilgarri egotea espero da. ZinemaLarraineta kalean dagoen plazatxoan izanen du sarrera eraikinak. Sartu eta ezkerrera jubilatuen elkartea egonen da. 116 metro karratuko espazioan, areto handia, barra eta sukaldea izanen dira besteak beste. Abarrategi kalearen ikuspegia izanen du jubilatuen egoitza. Sarreraren eskuinera erabilera anitzeko gela handia izanen da. Eskenatokia izanen du eta aulkiak jarri eta kentzeko aukera izanen da saioaren arabera: dantzaldi, kontzertu, zinema... Sarrera pareko eskailerak bigarren solairura eramanen dute. Ezkerrera 120 metro karratuko gela izanen da, dantza taldea, pilates, aerobik eta antzeko erabileretarako. Eskuinean musika eskolako zortzi gelak eta komunak egonen dira. 920.000 euro Zinemako lanek duten aurrekontua.