Txingurriye hasi da bere lana egiten

Guaixe 2009ko azaroaren 18a

Larunbatean Lakuntzako hainbat haur basoan jolasten bukatu zuten. Txingurriye Laguntza eta Aisialdi taldeak larunbatetan antolatutako aurreneko jarduera izan zen. Horrekin batera, taldeko kideak astegunetan hirutan etorkinen umeekin egoten dira, eskola jarraipena egiten (etxeko lanak egiten lagundu, jolas didaktikoak eta abar). Txingurriye talde sortu berria da eta helburu bikoitza du: familia etorkinen seme-alaben integrazioa eta, bestetik, aisialdiaren bidez gizarte sare bat sortzea. Lakuntzar bat Iruñean halako talde batean aritzen zen lanean eta herrian halako zerbait egitea ez legokeela gaizki pentsatu zuen. Iruñeko egitasmoa Lakuntzara egokitu eta Lehen Hezkuntzako haurrekin lan egitea erabaki zuen taldeak. Familia etorkinen seme-alabekin lanean aritzearekin batera, herrian haur aisia lantzea egoki izan zitekeela erabaki zuten, arlo horretan gabezia ikusten zutelako. Hala, larunbatero, bi orduz jardueraren bat eskainiko die Txingurriyek haur lakuntzarrei. Lakuntzako Pertza elkartearen bigarren solairua da bilgunea. Aste barruko ekintzan han egiten dituzte. Eta larunbatetan ere han dute hitzordua jarrita. Aurrekoan eguraldia lagun zutela, basora txangoa egitea erabaki zuten, baina eskulanak, kirolak edo gorputz adierazpena lantzea aurreikusi du Txingurriyek. BoluntarioakDozena bat boluntariok osatzen dute taldea, zein bere zereginarekin. Lanean ere txandaka aritzen dira, hala asteburuko jarduerak hilean behin egitea dagokio boluntario bakoitzari. Boluntario gehienak hezkuntza arloarekin harremana dute eta inguruko eskola eta ikastolekin lotura dute. Etorkizunean Txingurriyek ez du baztertzen Guraso Eskola moduko bat sortzea. Taldea edozein laguntza onartzeko prest dago.