Lagun Arteak lidergoa 2 puntutara

Guaixe 2009ko azaroaren 23a

Denboraldia ongi hasi da Lakuntzako Lagun Artea taldearendako. Larunbatean Barañainen jokatutako partidan, 0-3 irabazi zioten lakuntzarrek Lagunak taldeari. Partida nahiko paretsu hasi zuten bi taldeek, baina 20. minutuan Lagun Arteako Gascok lakuntzarren lehen gola sartu zuen eta hortik aurrera eurek dominatu zuten. Talde sendoa duela demostratu zuten lakuntzarrek eta oso ongi presionatu zuten Barañaingo taldea, euren jokoa egitea eragotziz. Jokin eta Palomoren beste bi golekin, 0-3 irabazita eta sailkapenean Lagunak gailenduta itzuli ziren Lagun Artekoak etxera. Sailkapen orokorra pil-pilean dago. Lehena Zizurko Ardoi taldea da, 25 punturekin. Lagun Artea bigarren postura igo da, 23 punturekin eta Lagunak hirugarrenera jaitsi da, 21 punturekin. Estu-estu daude gauzak. Igandean etxean jokatuko du Lagun Arteak, 11 punturekin hamalaugarrena den Obanoseko Infanzones taldearen kontra. Ea garaipenek segida duten eta lidergoa eskuratzeko aukerak dauden.