Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Lagun Arteak preferente mailako lidergoa eskuratu du larunbatean Gazte Berriak taldeari irabazi ziolako eta Ardoi liderrak San Cristobalen aurka galdu egin zuelako. Momentuz primerako denboraldia darama Lakuntzako taldeak eta ea hala jarraitu eta mailaz igotzeko aukera duten. Hala ere arerioak latzak dira eta oraindik liga asko geratzen da. Gazte Berriaken kontrako partidari dagokionez, hotza eta haizea izan ziren nagusi. Lehen zatian Lagun Arteak ez zuen bere tokia aurkitu eta bere jokoa egin ahal izan. Gaztekoak hobeto aritu ziren eta gol bateko abantailarekin joan ziren atsedenaldira. Atsedena ongi etorri zitzaien lakuntzarrei, bigarren zatia hasi eta minutura Jokinek berdintzea lortu baitzuen. Hortik aurrera Lagun Arteakoek bere ohiko jokoa egiten hasi ziren: joko azkarra, hegaletik Davilak bikain emandakoa, eta Gasco eta gainontzeko aurrelarien erasoak. Handik gutxira atzera ere Jokinek gola egin zuen, Lagun markagailuan aurreratuz, eta Lakuntzako atezain Danik bikain erantzun zituen Gazte Berriaken erasoak. Arbitroak Gazte Berriakeko jokalari bat kaleratu zuen eta hortik aurrera behera egin zuen Antsoaingo taldeak. Partida bukatzear zegoenean Laguneko Arkaitz Gascok hirugarren eta azken gola sartzea lortu zuen, taldeak garaipena eta lidergoa eskuratuz. San Cristobal arerioLagun Artea liderrak 29 puntu dauzka eta Ardoi bigarrenak puntu bat gutxiago, 28. Burlades da hirugarrena, 25 punturekin. Hortaz, preferente mailako goiko aldea estu-estu dago. Igandean etxean jokatuko du Lagun Arteak, aurreko astean Ardoi liderra menperatu zuen eta zortzigarrena den San Cristobal taldearen kontra. Ea puntuak etxean geratu eta lakuntzarrak lidergoa sendotzen hasten diren.