Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Lagun Artearen eta Zangozako Cantolaguaren arteko partida zaila izan zen lakuntzarrendako. Bi txartel hori ikusi eta gero zelaia utzi behar izan zuen Davilak, baina lakuntzarrek ongi eutsi zioten egoerari eta apenas nabaritu zuten jokalari bat gutxiagoren falta. Morenok egindako golarekin Lagun Artea abantailarekin joan zen atsedenaldira. Bigarren zatian Lagun Artea gehiago izan zen. 70. minutuan Xabi Bakaikoak egindako gola txapela kentzeko modukoa izan zen: 30 metro baino gehiago egin zuen aurrera arerioak atzean utziz, eta area parean sekulako kolpea joz gol ikusgarria sartu zuen. Cantolaguako Diegok gola sartzea lortu zuen 75. minutuan, baina horrela despeditu zen dena. Garaipenak lidergoan jarraitzea ahalbideratu dio Lagun Arteari (35 puntu). Ardoi bigarrenak 33 puntu dauzka eta Avance Ezkabarte hirugarrenak 30 puntu. Hortaz, gauzak estu daude sailkapeneko goialdean. Larunbatean Iruñean jokatuko du Lagun Arteak, 21 punturekin hamargarrena den Amaiaren kontra. Arerio gogorra da Iruñerrikoa, baina orain arte bezala arituz gero hiru puntuak ekartzeko aukera asko dituzte lakuntzarrek. Ea horrela den.