Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Euskal Herriko Goma Gaineko Zortziko Sokatira Txapelketako emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen Abadiñon. Lau talde aritu ziren lanean: Gasteizko Badaiotz, Sakana, Beti Gazte eta Ibarra. Bakoitzak zortzi tiralariz osatutako talde bikaina plazaratu zuen. Berriki despeditutako Euskal Herriko Lauko Txapelketako txapelduna, Gasteizko Badaiotz, izan zen jaun eta jabe. Gasteiztarrek hiru kontrarioak menpean hartu zituen, jardunaldiko sei tiraldiak irabazita eta 9 tanto eskuratuz. Sakanako neskek Beti Gazte eta Ibarra menpean hartu zituzten baina ezin izan zuten ezer egin Badaiotzen kontra. 6 tanto bildu zituzten sakandarrek. Lesakako Beti Gaztek Ibarrari irabazi zion baina Badaiotz eta Beti Gazteren kontra galdu, eta hiru puntu lortu zituen. Ibarrako neskek tiraldi guztiak galdu eta ez zuten punturik eskuratu. Bihar Lakuntzan, 17:00etanAsteburu honetan goma gaineko Euskal Herriko Zortziko Sokatira Txapelketako bigarren saioa hartuko du Sansastin festetan murgildua dagoen Lakuntzak. Sokatira txapelketa larunbatean jokatuko da, ilbeltzaren 23an, 17:00etatik aurrera Behar-Zana pilotalekuan. Ariko diren taldeek 14:00etatik 15:30erako tartea izango dute pisaketak egiteko. Lehenik eta behin gizonezkoen 600 kiloko txapelketako bigarren saioa jokatuko da. Zazpi talde ariko dira: Amaiur, Abadiño A, Abadiño B, Barrundia, Sokarri, Ñapurrak eta Berriozar. Taldeen artean ez dago horrenbesteko aldea eta hortaz, ikuskizun handia espero da. Lehen jardunaldia jokatuta Amaiur eta Abadiño berdinduta daude 6,5 puntura, Ñapurrakek 5 dauzka, Berriozarrek eta Abadiño B-k 3,5 puntu, Sokarrik 2 eta Barrundiak bat. Ondoren nesken txanda helduko da. Badaiotz da faborito nagusia, baina Sakanako neskek talde ona plazaratuko dute. Ea Lakuntzako bigarren saioan Gasteizkoak irabaztea eta sailkapen orokorrean berdinketa lortzea ezartzen duten. Etxean jokatzeak, behintzat, ea laguntzen dien. Nolanahi ere, ikuskizuna ziurtatuta dago. Aipatu txapelketaren azkeneko jardunaldia ilbeltzaren 30ean jokatuko da, Aramaion. Ondoren goma gaineko Euskal Herriko Zortziko Txapelketako emakumezkoen 500 kilotan neurtuko dira Sakanako neskak. Txapelketa hori otsailaren 6an abiatuko da.