Hiru puntu garrantzitsu Lagunendako

Guaixe 2010eko otsailaren 8a

Lagun Arteak erraz hartu zuen menpean sailkapeneko azkena, Baztan taldea. Baztanek lehen zatian erantzun zion Lagun Arteari, baina gero hustu egin zen. Lagun ere ez zen oso fin ibili, dituen bajak nabaritu baitziren. Baina Baztan baino askoz gehiago izan zen eta jokatutakoarekin nahikoa izan zuen eta gol festa ederra ospatu zuten lakuntzarrek, 4-1 irabazi baitzuten. Morenok bi gol eta Josebak beste bi sartu zituen. Aipatzekoa da Migel Morenok azken partida jokatu zuela Lagun Artearekin, atzerrira baitoa. 11 gol sartu ditu denboraldi honetan, tartean igandean Baztanen kontra sartutako biak. Hortaz, zaleen aurrean modu bikainean agur esan zuen Moreno. Josebak eta Palomok ere partida bikaina egin zuten. Hiru puntuekin goi postuei eusten die Lagun Arteak. Zizurko Ardoi da liderra, 40 punturekin, eta Lagun Artea puntu batera dago, 39 puxtarrirekin. Larunbatean Iruñean jokatuko dute lakuntzarrek, 20 punturekin jaitsiera postuan dagoen San Jorge taldearen kontra. Ea hiru puntuak eskuratu eta lidergoa lortzeko borrokan jarraitzen duten.