Nahiz eta gaizki aritu, lider jarraitzen dute lakuntzarrek

Guaixe 2010eko martxoaren 8a

Hotza izan zen nagusi atzo Lakuntzan Lagun Arteak eta Arreko Avance Ezkabartek jokatutako lehian. Lagun Arteak ez zuen azken jardunaldietan bezain ongi jokatzen jakin eta akats ugari izan zituen, defentsan bereziki. Avancekoak aurreratu ziren eta Laguneko Nietok berdindu zuen, eta gero Gaskok 2-1 aurreratu zuen Lagun Artea. Soilik arbitroak ikusi zuen penalty bati esker Avancek bina berdintzea lortu zuen eta horrela bukatu zen lehia. Irabazi ezin denean penaltya ongi dator, eta puntu horrek lidergoan jarraitzea ahalbideratu dio Lakuntzako taldeari. Lagun Artea liderrak 46 puntu dauzka, Zizurko Ardoi bigarrenak 45 puntu eta Burladesek 42. Hortaz, oso estu dago sailkapena. Asteburuan Mutiloan jokatuko du Lagun Arteak, sailkapenean hamaikagarrena den Mutilva taldearen kontra. Ea puntuak bildu eta lider jarraitzeko aukera duen Lagunek.