30 langile kaleratzeko espedientea Industrial Barranquesan

Guaixe 2010eko martxoaren 19a

Industrial Barranquesak enplegu erregulazio espediente (EEE) mistoa aurkeztu du. 30 kaleratze aurreikusten dira. Horrekin batera, enpresak beste 30 langileei kontratuak aldi baterako eteteko espedientea aurkeztu du. Azken hori maiatzaren batetik urte bukaerara arte 60 egun hartuko lituzke. Langileei gaur jakinarazi dien enpresak bere erabakia. Enpresak eskaeretan izandako jaitsiera eta dagoen lan kargara egokitu beharra argudiatu du neurri hori hartzeko. Zuzendaritzatik azaldu dutenez, "kaltetuendako ahalik eta baldintza onenak negoziatzeko borondatea" duela. Enpresa batzordeko (3 ELAkoak eta LABeko 1) ELAko kideek azaldu digutenez, "kaleratzerik izan ez dadin borrokatuko dugu". Langileen ordezkariek enpresari aldi baterako eteteko espedientea luzatzea eta bertan langile guztiak hartzea proposatu dute eta horrekin batera 15 opor egun galtzea. Guztia aztertzeko astelehenean batzarra dute langileek. Enpresa batzordeko kideek gogora ekarri dute krisiaren aurretik enpresak oso urte onak bizi izan zituela: "2008an, lan karga handiagatik, laugarren lan txanda jartzea aztertu zuen enpresak. Ez zen jarri, baina nahi zutenek asteburuan lan egiteko aukera izan zuten". Aurretik ere espedienteaApirilaren akaberan despedituko da Industrial Barranquesan indarrean den EEE. Iazko Urri hasieran zuzendaritzak 25 langile kaleratzea proposatu zuen. Aldeen negoziazioaren ondoren halakorik ez zen izan. 150 egun hartu zuen EEE indarrean sartu zen, apirilarekin batera despeditzen dena. Hura indarrean dagoen bitartean enpresak langilerik ez zuela kaleratuko adostu zuen. Espedientea despeditzeko gero eta gutxiago falta zela, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi izan dio kaleratzeak proposatuko zituela. Orain etorri da jakinarazpena. Enpresa batzordeko kideek azaldu dutenez, "orain arteko espedientea enpresari apenas kostatzen zaio. Espedientearekin ez du ekarpenik egin, Gizarte segurtasuna ezik". Espedienteagatik haien soldatetan koxka ederra falta dela ere nabarmendu dute. Garai hobeak etorriko direla ere ekarri dute gogora. Negozioaren %94Haize errotetarako altzairuko briden ekoizpena da.