Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Lagun Arteak asteburuan jokatutako bi partidak - asteburuko jardunaldia eta elurragatik atzeratutako bestea - irabazi ditu, lidergoari eutsiz eta lider dohainak dituela erakutsiz. Ostiralean elurragatik atzeratu behar izan zen 21. jardunaldia egon zen jokoan, eta Lagun Arteak San Jorge hartu zuen mendean, 1-2, Iruñean jokatutako lehian. Egia esan gaizki hasi ziren gauzak Lakuntzako taldearendako. Partida hasi eta berehala, lehen minutuan, kontrolatuta zuen baloi batek ihes egin zion Gorka atezainari, eta egoera ongi aprobetxatu zuen San Jorgeko Robertok, gola sartuz. Baina Lagun ez zen behera joan eta bere jokoa egiten hasi zen. Paretsu aritu ziren bi taldeak, eta San Jorgek bigarren gola egiteko aukera izan zuen, baina Gorkak geldialdi bikaina egin zuen. Horrela, 37. minutuan, Joseba Bakaikoaren pase bikain bati esker berdinketaren gola sartu zuen Erbitik. Bigarren zatian irabaztera atera ziren bi taldeak, eta partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, 93. minutuan falta bat jaurtiki zuen Gascok modu bikainean, Iruñekoendako existitu ez zen falta, eta garaipenaren gola eskuratu zuen. Eta igandean Lakuntzako taldeak 4-1 hartu zuen menpean Barañaingo Lagunak. Egia esan, Barañaingo taldearengandik gehiago espero zen, baina lakuntzarrek garaipen erraza lortu zuten. Laguneko Montoyak lehen gola sartu zuen, penaltyz, eta Gascok bigarrena, 41. minutuan. Horrela, bi goleko errentarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, 60. minutuan, Montoyak atzera ere kontrako atea zulatzen jakin zuen, beste penalty bat jaurtiki eta gero. 80. minutuan Lagunak-en gol bakarra sartu zuen Jorgek, baina Barañaingoen esperantza guztiak Erbitik apurtu zituen, partida bukatzear zegoela 4 eta 1-ekoa lortu baitzuen. Horrela, lider sendoa da Lagun Artea, 52 punturekin. Nolanahi ere Zizurko Ardoi gertu du, hiru puntura (49 puntu). Asteburuan sailkapenean hamargarrena den Infanzones taldea du aurkari Lagun Arteak. Partida larunbatean jokatuko da, Obanosen. Ea orain arteko bideari eutsi eta lidergoa sendotzen duen Lakuntzako taldeak.