Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lagun Arteak garaipen boladarekin jarraitzen du eta igandean 0-2 hartu zuen menpean Infanzones, Obanosen jokatutako partidan. Ez zen partida ona izan, baina une honetan puntuak lortzea hobe jokatzea baino garrantzitsuagoa da.Lehendabiziko zatian bi taldeak bereziki defentsara mugatu ziren. Bigarrenean garaipena lortzera atera zen Infanzones baina ez zuten atean asmatzen. Lagun Arteak Infanzones bere zelaian sartzea lortu zuen, eta hor hasi zen Lakuntzakoen presioa Obanoseko taldeari. Palomok buruz eta Montoyak ongi borobildutako jokaldian jaurtiketa eginda, horrela etorri ziren Laguneko bi golak. Laguneko Gorka atezainak geldialdi onak egin zituen eta horrela, garaipen horrekin Lakuntzako taldeak lidergoa sendotu du eta Hirugarren Mailara igotzea lortzeko aurrerapausu handia egin dute. Lagun Arteak 55 puntu ditu eta bigarrena den Zizurko Ardoik 49. Sei puntuko aldea dute bi taldeek, baina nahiz eta tarte hori egon, lidergoa sendotu eta hirugarren mailara igotzeko garaipen boladarekin segitzea baino ez zaio geratzen Lagun Arteari. Aste Santuko oporrak direla eta, asteburu honetan ez dago jardunaldirik, baina ostegun santuan elurragatik ilbeltzaren 10ean jokatzekoa zen 16. jardunaldian atzeratutako partidak egonen dira jokoan. Lagun Arteak 47 punturekin hirugarrena den Burlades izango du arerio Burlatan jokatuko den lehian. Hurrengo jardunaldia apirilaren 11n jokatuko da, igandean, 17:00etan. Lagun Arteak jaitsiera postutan dagoen Antsoaingo Gazte Berriak taldea hartuko du.