Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Auzolanak direla, lan boluntarioa zela, kuxkuxeatzeagatik sartu zirenak... Lakuntzar batek baino gehiagok ikusia zuen nola gelditu zen udaletxea guztiz berritu eta gero. Hala ere, dena txukun jarrita eta garbituta, larunbat eguerdian patxada ederrean herriaren etxe berritua goitik behera ikusteko aukera izan zuten lakuntzarrek. Udalak eguerdian jarri zuen hitzordua alkate eta zinegotzi izandakoekin. Haiek udalean lan eginak direnez, egindako lanak lehenik haiei erakustea erabaki zuen udalak. Kargu ohien ondoren, 12:30ean, herritarrei zabaldu zizkieten herriaren etxeko ateak. AldaketaJose Ramon Garinek azaldu zuenez udaletxekoa lan zaila izan da, bost egitasmo ziren eta ate asko jo behar izan dira. Kontuak guztiz itxi gabe daudela argitu zuen, baina aurrekontuaren %70 inguru diru-laguntzen bidez estali zutela nabarmendu zuen. Emaitzarekin pozik zegoen alkatea. Eraikina goitik behera berritu bada ere, hasiera batean teilatua, fatxada eta leihoak berritzea aurreikusten zen soilik. Horrekin batera, igogailua jartzeko eta lehen solairuko udal bulegoak egokitzeko egitasmoak zeuden. Herri batzarrean pasa den urteko Madrilgo funtseko dirua udaletxeko lanetara bideratzea erabaki zen. Bateko eta besteko diru-laguntzarekin, eta bost egitasmoak koordinatuz berritu da udaletxea. EraikinaBeheko solairuan mediku kontsultategia, biltegia eta liburutegia daude. Lehen solairuan, berriz, udal bulegoak, bilkura gela, idazkaritza, artxiboa eta alkatearen bulegoa daude. Bigarren solairuan ikastaroetarako eta beste jardueretarako gelak eta gizarte laguntzailearen gela daude. Azkenik, ganbara erabilera anitzetarako utzi da. Udaletxean dagoen mediku kontsultategi berria 15 bat egun barru zabalduko da, altzari berriak jartzea falta baita. Bere parean dagoen liburutegiari dagokionez, hilabete beharko du ateak zabaltzeko. Funts gehienak dagoeneko han daude. Ganbarari dagokionez, egin gabe dago. Udalak kontuak itxi eta orduan aztertuko du lanak despeditu edo ez. EskerrakLarunbatean alkateak esker ona azaldu zien Gorritz eraikuntza enpresari, Xabier Lopez de Uralde arkitektoari, apaizari apezetxea uzteagatik, udaleko langileei eta hainbat lan egin duten boluntarioei. Babestutako Gizarte Enplegu programaren bidez lau emakumek altzarien zaharberritze ikastaroa egin dute. Elur Ulibarrena irakaslearekin batera udaletxeko hainbat altzari txukun eta egoki utzi dituzte. Horretan bi hilabete eta erdi eman zituzten. Bestalde, lentzeria ikastaroan parte hartzen duten emakumeek udaletxeko gortinak egin dituzte. Horretaz gain, herriaren etxeko paretetan pintura lehiaketara aurkeztutako margo lanak zintzilikatu dira.