Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean 28. jardunaldia zuen jokoan Lagun Arteak etxean, Lakuntzako Zelai Berrin. Antsoaingo Gazte Berriak taldea zuten aurkari. Partida erabakigarria zen biendako, lakuntzarrek hirugarren mailara igotzea baitzuten jokoan eta Gazte Berriak taldea mailari eusteko borrokan murgildua baitago. Ez zen partida ikusgarria izan, bi taldeak nahiko urduri zelairatu baitziren. Horrela, Davilak Lagunen lehen gola sartu zuen atsedenaldira joan baino lehen, baina bigarren zatia hasi eta berehala berdintzea lortu zuten Gaztekoek. 53. minutuan 1-2 aurreratu ziren antsoaindarrak, baina 57. minutuan Gascok falta zuzena jaurtiki eta sekulako gola sartu zuen, garaipen zaporea izan zuen binako berdinketa ezarriz. Une horretatik aurrera zoramena hasi zen eta Laguneko jokalariek eta zaletuek gustura ospatu zuten hirugarren mailarako igoera. Izan ere, eta bi jardunaldiren faltan, Lagun Arteak berdinketa horrekin nahikoa du lidergoari eusteko. 60 puntu dauzka Lagun Arteak eta 54 puntu bigarrena den Ardoik, Zizurko taldeak ere bina berdindu baitzuen San Cristobalen kontra. Horrela, nahiz eta Lagun Arteak hurrengo bi partidak galdu eta Ardoik irabazi, kasu hipotetiko horretan puntutara berdinduta geratuko lirateke bi taldeak, baina gol-average delakoari esker Lagunek irabaziko luke. Hortaz, Lagun Artea preferente mailako lehen multzoko lider da eta hurrengo denboraldian hirugarren mailan ariko da. Merezitako saria da hori, lakuntzarrek denboraldi bikaina egin baitute, primerako jokoarekin eta sentsazio onekin. Larunbatean Iruñean jokatuko du lagun arteak, 31 punturekin jaitsiera postutan dagoen San Cristobalen kontra. Lakuntzarrek ez dute ezer jokoan eta iruindarrak, aldiz, irabazi beharrean daude hurrengo denboraldian preferente mailan jarraitu nahi badute. Kontentu eta aldaketa askoren asmorik gabeLagun Arteako presidente Santiago Mendietak adierazi duenez, oso kontentu daude igoerarekin. "Denboraldi ona egiteko taldea sortu genuen, ez genuen mailaz igotzeko propio taldea sortu, Burlades, Zangoza edo Ardoiren kasua bezala. Sakandarrak dira jokalari gehienak, Iruñeko 6 jokalari kenduta. Ongi hasi genuen liga, erregularrak izan gara, ongi ibili gara eta beste taldeak baino gutxiago huts egin dugu, eta ia pentsatu gabe liga irabazi eta mailaz igo gara" zioen presidenteak. Jokatutako 28 lehietatik 18 irabazi ditu, 6 berdindu eta 4 galdu, datu oso positiboak. Dena den, bukaerara arte oso borrokatua izan da preferente maila, eta Lagun Artearen erregulartasunaren ardatzaz galdetuta, jokalarien artean dagoen giro ona eta taldearen oreka azpimarratzen ditu Mendietak. "Plantillan ez da apenas aldaketarik izan ez lesionatu asko egon, eta taldea oso orekatua egon da txapelketan". Entrenatzaile berria zuen Lagunek aurten, Gazte Berriak klubetik etorritako Sergio Labat "Txetxo" 26 urteko gaztea, eta lan bikaina egin du. "Ilusio askorekin etorri zen eta bete-betean asmatu du" dio presidenteak. Hirugarren mailan aritzea jokalariendako gain??? zuzendaritzarako erronka zaila izanen dela dio presidenteak, baina lana ahal den hobekien egiten saiatuko direla. Printzipioz plantillan ez dituzte aldaketa asko eginen, eta oraindik ez da zehaztu entrenatzaile berarekin jarraituko duten edo ez. "Argi dago aurtengo jokalariak izango direla heldu den denboraldiko taldeko oinarri nagusia; fitxaketak egiten ez gara erotuko. Alde batetik alde ekonomikoagatik, baina bestetik gure taldean Sakanako jendea aritzea nahi dugulako. Akaso jokalariren bat edo beste ekarri beharrean izango gara, baina gehiegi erotu gabe" nabarmentzen du. Bestalde, Lagun Arteako zaleen fideltasuna eskertu du presidenteak. "Oso afizio ona dugu, 10 puntukoa". Hirugarren mailak ez du puntako aldaketarik ekarriko. Arbitroek gehiago kobratuko dute hirugarren mailakoak direlako, baina beste alde batetik taldeak federaziotik diru- laguntza gehiago lortuko ditu orain arte baino. Hori bai, partidak urrutiago jokatuko ditu, Iruñerriaz gain Erribera aldean, akaso Lizarran, Oteitzan...Igandeko partidaren ondoren jokalariek Tximonenan egindako auzate batekin ospatu zuten igoera, baina aurrerago bazkari edo afariren bat eginen dute. LAGUN ARTEA 2009-2010Jokalariak*Atezainak: Gorka Imaz (Lakuntza), Dani Garcia (Iruñea, gurasoak Irurtzungoak) eta Javi Leon (Iruñea).*Atzelariak: Iosu Arraiza (Lakuntza), Eneko Cruz (Uharte Arakil), Xabi Bakaikoa (Lakuntza), Benito Anguas (Uharte Arakil), Iraitz Senar (Lakuntza) eta Mikel Nieto (Iruñea). *Erdilariak: Jonathan Medina (Altsasu), Iñigo Palomo (Altsasu), Jokin Sala (Udabe), Jonathan Davila (Altsasu), Joseba Bakaikoa (Lakuntza), Ruben Erbiti (Egiarreta) eta Ruben Ibarrola (Iruñea). *Aurrelariak: Ion Mendieta (Uharte Arakil), Arkaitz Gasco (Altsasu), Joseba Montoya (Altsasu), Sergio Anguas (Iruñea), Migel Moreno (Etxarri Aranatz), Emil Valentin, Aitor Huarte, Endika Santesteban (Iruñea) eta Diego Izurdiaga (Iruñea). Teknikariak: Sergio Labat "Txetxo" (entrenatzailea) eta Jesus Mari Zabarte (materiala eta entrenamenduak).