Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriozarren jokatutako lehian, San Cristobalek pasilloa egin zion hurrengo denboraldian hirugarren mailan ariko den Lakuntzako Lagun Artea liderrari. San Cristobalek mailari eustea zuen jokoan eta Lagun Arteak ezer ez, txapelduna baita, baina Berriozarkoek izerdi asko egin behar izan zuten Lagun Artea menpean hartzeko. Bigarren zatian San Cristobalek aurreratzea lortu zuen Laguneko atezainak izandako zoritxarreko jokaldi baten ondoren, eta geroago, penalty bati esker, 2-0 aurreratu zen etxeko taldea. Hala ere, 91. minutuan Montoyak sekulako gola sartu eta Lagun Arteak distantziak laburtzea lortu zuen, baina azkenean markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2-1 irabazi zuten Berriozarkoek, jaitsiera postuak atzean uzteko borrokan urrezko hiru puntu eskuratuz. Lagun Arteak jarraitzen du lider 60 punturekin. Bigarrena Ardoi da, 57 punturekin eta hirugarrena Burlades, 52 punturekin. Igandean ligako azkeneko jardunaldia dago jokoan. Lagun Arteak zazpigarrena den Leitzako Aurrera hartuko du Zelai Berrin, 17:00etan. Nahiz eta jokoan ezer ez izan, bi taldeek pike handia dute eta irabaztera aterako dira. Horretaz gain, Lagun Arteakoek hirugarren mailako igoera zaleekin ospatzeko aukera izango dute.