Barranquesatik 21 kalera

Guaixe 2010eko apirilaren 21a

Greba bertan behera utzi eta gaur lanera bueltatu dira Industrial Barranquesako langileak. Hala erabaki zuten astearteko batzarrean, zuzendaritzak egindako eskaintza onartu ondoren (32 alde 21 kontra). Enpresa batzordean  gehiengoa duen ELAk batzarrak adostutakoa betez zuzendaritzarekin akordioa sinatuko du. AkordioaZuzendaritzak hasiera batean 30 langile kanporatu eta gainontzekoei aldi baterako kontratua etetea proposatu zuen. Adostutakoaren arabera, berriz, 21 langile izanen dira langabezian bukatuko dutenak. Hori bai, bi langile bi hilabeteko epean kontratatuko ditu enpresak errelebo kontratu formularekin. Aldeek adostu dutenez, enpresan lan karga sartuz gero, kaleratutako pertsonendako birkokatze plan boluntarioa sortu da. Horren arabera, kaleratuak kontratatuak izaten lehenak lirateke. Kalte ordainei dagokienez, kaleratutako langileek lan egindako urte bakoitzeko 35 egun jasoko dute, 14 hilabeteko mugarekin. Borondatez lantegia utzi nahi duten pertsonendako aukera zabalik dago eta, antza, batzuk badaude. Birkokatze planean izena ematen dutenek, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 20 egun jasoko dute, 12 hilabeteko mugarekin. Bi urtetan enpresara bueltatuko ez balira 15 egun gehiago ordainduko litzaieke. Eta lantegira bueltatuz gero, lehenik sei hilabeteko kontratua eginen litzaieke eta ondoren mugagabea. ELAren balorazioaEnpresa batzordean gehiengoa duen ELAk esan du akordioa "borroka egun askoren ondoren" etorri dela. Ezinegon egoera ere nabarmendu du ELAk, espedientearen kontsulta epea akordiorik gabe despeditu balitz "litekeena zelako Nafarroako Gobernuak kaleratzeak onartzea, hala egiten ari delako". Orduan gutxieneko kalte ordainak liratekeela nabarmendu du sindikatuak. ELAk salatu du oso zaila dela negoziatzea jakinik Nafarroako Gobernuak normalean enpresen alde egiten duela, langileen interesak kontuan izan gabe. Gobernua ez dela "neutroa eta langileen interesak argiki baldintzatzen" dituela salatu du ELAk. Bestetik, sindikatuak ahalik eta lanpostu gehien salbatzeko egindako borroka nabarmendu du.