Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Udalak 2.891.951 euroko aurrekontua onartu du. Inbertsioen atalean industrialdearen zabalkundea da zatirik handiena hartzen duena, ia aurrekonturen erdia. Sagarte enpresatik mendebalderantz, Arbizu alderantz zabalduko da industrialdea eta horretara 1.350.000 euro inguru bideratuko ditu udalak. Jose Ramon Garin alkateak jakinarazi digunez, hilabete honetan industrialdearen urbanizazio egitasmoa onartu nahi du udalak, lanak lehenbailehen has daitezen. Dagoeneko bi enpresek industrialdean jartzeko interesa azaldu dute. Garinek esan digunez, urbanizazio lanekin batera haien pabilioiak eraikitzeko lanak hasiko lirateke. Lakuntzako Udalako aurrekontuko 400.000 euro udaletxeko lanak ordaintzez bukatzeko erabiliko ditu. Arbizurekin batera eraikitzen ari diren haur eskolaren egitasmorako 100.000 euro aurreikusi ditu Lakuntzako Udalak. Azkenik, hirigintza planaren berrikuspena egiteko 85.000 euro bideratu behar ditu. Azken hori Jose Ignazio Arribasek eginen du. Haur eskolaNafarroako Gobernuaren diru-laguntza atzeratu egin denez, Lakuntza eta Arbizuko Udalak azken herri horretan eraikitzen ari diren haur eskolaren irekiera urte bat atzeratu da. Hura zabaldu bitartean Lakuntzako Udalak guraso talde baten eskaerari erantzunez udaletxeko 2. solairuko gela bat utzi die. Gela horrek gurasoek sustatutako haur ludoteka hartuko du hurrengo ikasturtean. 15 bat haur omen daude izena emanda. Udalak egoitzaz gain argindar eta berogailu gastuak bere eginen ditu. Baldintza bakar bat besterik ez du jarri udalak, gelaren erabilera ikasturte bakarrekoa izatea.