VII. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan izen ematea zabalik

Guaixe 2010eko maiatzaren 6a

Orain arte Lakuntzako Zabalarte Klubak egindako lana Dantzaleku-Sakana taldeak hartuko du bere gain, eta azken honek antolatuta, ekainaren 13an, 9:30ean abiatuko da VII. Lakuntza-Aralar mendi lasterketa. Nafarroako Mendi Federazioak antolatutako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria da Lakuntzako proba, eta aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izanen da. Mendi korrikalariek Aralar parkean barna 28,5 kilometroko proba izanen dute aurrean, eta guztira, 2.308 metroko desnibela. Zailtasun mailari dagokionez, ertaina da. Lakuntzatik abiatuko da, Guardetxera (1035 m), antzinako galtzadatik pasaz, eta Albia eta Mugardi pasata Belokiren lepoa hartuko du ibilbideak (1205 m.); hortik zuzen-zuzen Unako putzua pasa eta Irumugarrietako tontorrera helduko da (1431 m.). Bertatik jaitsiera hasiko da, Errenaga (1298 m.) eta Pagomaritik (1140 m.) barna Lakuntzara Sandindegitik (540 m.) helduz. Antolakuntzak bost hornidura gune jarriko ditu korrikalarien eskura. Bestalde, kategoria bakoitzeko irabazleendako sari potoloak izanen dira. Bukaeran, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera izanen da. Informazio guztia www.lakuntza-aralar.com webgunean edo ondoko telefonoetan jaso daiteke: 618 883 077 (Mikel) edo 677 674 451 (Andoni). www.lakuntza-aralar.comLakuntza-Aralar mendi lasterketan aritzeko web gune horretan eman beharko da izena, ekainaren 8ra arte. Federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ez daudenek 18 euro.