Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bertsoak tabernan, pintxo eta baso-erdi artean, bertsoak mahaiaren inguruan... Bertso betekada izanen dute bihar Lakuntzan. Kultur Illeren barruan bertso-poteoa eta bertso-afaria antolatu dira. HitzorduakArratsaldean hasiko da bertso festa. 19:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan. Hortik abiatuko da bertso-poteoa. Hamelingo txirulariaren antzera, tabernaz taberna ibiliko dira bertsotan, lakuntzarrak afarira deitzen. Muturra berotuta dutela, afal garaia iritsiko da. 21:00etan dute hitzordua Lakuntzako Pertza elkartean. Aurreko urteetako bidea ikusita, elkartea ederki beteko dela pentsa daiteke. Tripa bete eta gero, atzera ere, bertsoz asetzeko aukera izanen dute lakuntzarrek.Etxeko bertsolariakXabier Silveira, Xabier Paia eta Eneko Lazkoz izanen dira biharko protagonistak. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, hirurak etxeko bertsolariak dira. Silveria eta Paia aurpegi ezagunak dira Lakuntzan. Aurreko urteetako bertso-afaritan ordu txikitaraino luzatu zuten gaua. Eneko Lazkoz, berriz, aldameneko herritik dator, Etxarri Aranaztik, eta, beraz, ezagun bat baino gehiago izanen ditu mahai inguruan. Maila handiko bertsolariak dira hirurak ere, Nafarroako eta Bizkaiko txapeldunak izandakoak eta Sakanak egun duen ordezkari onenetakoa. Tabernaz taberna nahiz mahaiaren inguruan, lakuntzarrak zirikatzeko prest etorriko dira hiru bertsolariak.