Lainoa protagonista Lakuntza-Aralarren

Guaixe 2010eko ekainaren 14a

Gogorra egin zitzaien proba Lakuntza-Aralar mendi lasterketan aritu zirenei. Lakuntzatik aterata eta Aralarko parajeetan barna 28,5 km-ko luzerari eta 2.308 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre irteeran abiatu ziren 235 korrikalariek, tartean sakandar asko. 265 zeuden izena emanda Dantzaleku Sakanak eta Zabalarte klubak antolatutako proban, baina 30ek huts egin zuten. Hasieran minutu bateko isilunea egin zen berriki zendutako Jose Migel Olano probako kolaboratzaile ohiaren alde. Eguraldia tristea zen, freskoa. Hori berez korrika egiteko ez zen txarra, baina bai, ordea, ibilbidean zegoen lohia, eta goietan topatu zuten lainoa, Hirumugarrietan (1.431 m) bereziki. "Ez zen apenas ikusten, ibilbidea markatzen zuten markak ere ikustea zaila zen. Ez galtzeko kontu handiarekin ibili beharra zegoen, eta horregatik tarte horretan ez dut arriskatu, lasai joan naiz lainoarekin ez bainindoan ziur" aipatu zuen Lakuntzako helmugan lehena iritsi zen Unai Santamaria hernaniarrak (Manttale taldea). Eta, hain zuzen ere, galdu egin zen parte-hartzaileetako bat. Lainoaren eraginez desorientatu zen eta Lakuntzara jaitsi ordez mendebalderantz jo eta Lizarrustiko portuan azaldu zen. Helmugara agertzen ez zenez, antolakuntzakoak bera bilatzen aritu ziren mendian, motorrak eta quad-ak erabiliz, eta SOS Navarratik helikopteroa mobilizatu behar zenean beraren berri izan zuten. Lasterketan hasiera hasieratik aurrean izan ziren Nafarroako txapeldun Angel Arrieta uhartearra (Aralar Mendi taldea) eta Juanjo Igarzabal gipuzkoarra (Goierri-Deba Garaia taldea), baina helmugarako 3 km-ren faltan Unai Santamariak biak harrapatu zituen, atzean utzi eta bakarrik heldu zen helmugara (2:14:28), Angel Arrietari 52 segundoko aldea atereaz (2:15:20) eta Juanjo Ibarzabali minutu pasakoa (2:15:48). Laugarrena eta probako lehen beteranoa Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zen (Dantzaleku Sakana, 2:20:58). Emakumezkoetan Elena Calvillo beterano gipuzkoarra izan zen garaile (2:47:47), Maitane Txueka arbizuarrari lau minutu pasako aldea aterata (Dantzaleku-Sakana, 2:52:13). Hirugarrena talde bereko Jone Pelaez altsasuarra izan zen (3:11:01). Lehen herritarra Uharte Arakilen bizi den Patxi Albeniz (Aralar Mendi, 2:33:20) lakuntzarra izan zen, helmugan 35.a sartu zena. Klub onenakLakuntzako lasterketa Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa ere bazen, eta Berako Manttale-Agerra taldea izan zen azkarrena (318). Bigarrena Aralar Mendi izan zen (283 puntu) eta hirugarrena Dantzaleku-Sakana (260 puntu). Helmugara lehertuta iritsi ziren korrikalariak, irten ziren 235etatik 216, eta askok Surya eskolak emandako masajeak hartu zituzten. Indarrak berreskuratzeko auzate ederra izan zuten guztiek plazan. Irabazleek, gizon eta emakumezkoek, 350 euro jaso zituzten, bigarrenek 120 eta hirugarrenek 80, eta laugarren, bosgarren eta seigarrenek kirol materiala. Eta kategoria bakoitzeko lehenek eta lehen herritarrak trofeoa. Gainera, opari ederrak jaso zituzten: diploma, kamiseta, txistorra eta sagardoa. Bestalde, korrikalarien artean produktu loteak ere zozketatu ziren.ArgazkiakSakandarren sailkapena 1.Unai Santamaria: 2:14:28 2.Angel Arrieta (Uharte): 2:15:20 4.Ander Unzurrunzaga (Etxarri): 2:20:58 11.Antton Zelaia (Urdiain): 2:25:43 27.Juanjo Goikoetxea (Uharte): 2:32:41 32.Iñaki Lopez (Uharte): 2:33:09 35.Patxi Albeniz (Uharte): 2:33:20 39.Migel Angel Lanchas (Uharte): 2:34:54 63.Jose Antonio Salgado (Altsasu): 2:41:24 65.Alberto Razkin (Etxarri): 2:42:35 68.Jose Javier Maiza (Etxarri): 2:43:35 78.Santi Galarza (Iturmendi): 2:44:34 82.Beñat Katarain (Lakuntza): 2:47:01 95.Nourdine Jdi Baba (Lakuntza): 2:50:32 98.Migel Angel Aldaz (Olazti): 2:51:09 99.Igor Jaka (Etxarri): 2:51:14 100.Fernando Igoa (Etxarri): 2:51:14 101.Jose Ignazio Lazkoz (Etxarri): 2:51:14 102.Maitane Txueka (Arbizu): 2:52:13 126.Iker Bueno (Altsasu): 2:57:33 147.Sebastian Insausti (Arbizu): 3:04:06 149.Fernando Ariztegi (Iturmendi): 3:04:48 166.Migel Ocaña (Uharte): 3:09:43 167.Jon Igoa (Etxarri): 3:10:23 171.Jone Pelaez (Altsasu): 3:11:01 175.Raul Moro (Etxarri): 3:12:03 179.Jose Leitza (Arbizu): 3:14:23 192.Iban Azanza (Altsasu): 3:20:48 193.David Oroz (Urdiain): 3:21:10 203.Alfonso Gabirondo (Iturmendi): 3:27:52 204.Eneko Lakuntza (Etxarri): 3:29:08 205.Aitor Salinas (Etxarri): 3:29:08 208. Tomas Mauleon (Etxarri): 3:31:22