Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko denboraldian Preferente mailatik Hirugarren mailara igotzeko balentria lortu zuen Lakuntzako Lagun Arteak, eta aurten maila horri eustea izango da taldearen helburu nagusia. Lakuntzan argi zuten bertako jokalariekin jarraitu nahi zutela, hori baita taldearen filosofia nagusia. "Aurreko batean Lagun Artea hirugarren mailan egon zenean kanpotik ekarritako jokalari kontrastatuak ekarri ziren, hirugarren mailan aritzen zirenak. Orduan horregatik kritikak izan genituen eta orain ere bai, batzuek esaten baitigute nola ez ote dugun kanpotik jokalari on pare bat ekarri. Baina bertako jokalarien aldeko apustua egin dugu eta uste dugu hirugarren mailari aurre egiteko taldea badugula, talde gaztea" dio Lagun Arteako presidente Santi Mendietak. Bertako jokalarien aldeko apustuaEta filosofia horri egokitzen zaion entrenatzaile berria du taldeak, aurretik ere Lagunen egondako German Idoate iruindarra. Txelo Gonzalez, Benito Anguas, Diego Cruz eta Jesus Mari Zabarteren laguntza izango du. Aldageletako giroa ona da eta jendea gustura dago, eta egoera berriari tamaina hartzen ari da dira teknikoak eta futbolariak. Izan ere, hirugarren mailako saltoa handia da. Jokatutako lehen bi jardunaldietan galdu egin du Lagun Arteak eta horrek presio handia jartzen du taldean, baina egoerari buelta emateko lanean daude. "Zizurren kontra joko ona egin genuen igandean, eta kontrako atera heldu ginen, baina ez genuen asmatu eta eurek gugana heldutako bi jokaldietan gola egin zuten. Lasaitasuna eta animuak eman behar dizkiegu jokalariei eta zaletuei, konfiantza eman, garaipenak helduko direlako" dio presidenteak. Egin beharreko moldaketakIazko plantilla da aurtengoaren oinarri nagusia, bertako jokalariak. Hirugarren mailako araudiak eskatzen du taldeek 23 urtez azpiko 6 jokalari izan behar dituztela, eta soilik 22 jokalariren fitxa izan behar dutela taldeek. "Preferenten 25 jokalariren fitxa genuenez eta orain 23 urtez azpikoak izan behar genituenez, hortik etorri dira plantillan egon diren moldaketak, eta egon diren bajak. Sei jokalari berri ditugu, horietatik bi lakuntzar eta beste bat aurretik taldean egon zena, eta gainontzekoak Iruñekoak. Talde filialak dituzten taldeek erraza dute 23 urtez azpikoak euren filialetan jokatzen izan eta goikoan beharrezkoak direnean igotzea, baina guk ez dugu filialik, harrobirik, soilik haurren taldeak, eta horregatik jokalariak ekarri behar izan ditugu. Konplikatua da dena lotzea" gaineratzen du Mendietak. Baina egoera arintzeko, Lekunberriko Beti Kozkorrekin harremanetan daude eurak Lagunen filialak izateko. Lekunberrikoek erregional mailari baino futbol eskolei ematen diete lehentasuna, oso ongi lantzen dute eskola, eta harrobi bikaina dute. "Federazioari Beti Kozkor gure filiala izateko erabakiaren berri eman diogu eta euren erantzunaren zain gaude. Eskertuta gaude Lekunberrikoen jarrerarekin, eta akordioa ona izango da biondako. Beti Kozkorreko 23 urtez azpikoak bertan aritu daitezke, eta guk behar izanez gero, gurekin. Positiboa da biondako" dio presidenteak. Bestalde, zaleen babesa gertu du Lagunek, zaleek beti erantzuten dutelako, eta hori taldearendako positiboa eta inportantea da. Aurrekontua handitu daHirugarren mailan ariko denez, aurrekontua igo da eta aurten 55.000-60.000 euroko gastua izanen du Lagun Arteak. Tudelanok dituen 350.000 euroetatik, Lizarraren 300.000 euroetatik edo Cirboneroren 155.000 euroetatik oso urrun dago, talde hauek beste maila batean dauden isla, baina hala ere sekulako sakrifizioa da Lakuntzako taldearendako. 255 bazkideen kuotekin, karteletako eta hesietako iragarleekin, Sakana babesle nagusia eta gainontzeko babesleekin, txarteldegiko eta tabernako sarrerekin eta hainbat zozketarekin egingo diote aurre aurrekontuari, kontuak koadratzeko malabareak eginez. "Gastu nagusia arbitrajeena da. Partida bakoitzeko diru kopuru handia joaten zaigu arbitro eta linierrei ordainduz, eta partidan jasotako txartel bakoitzeko ere gehiago ordaindu behar da. Horri jokalarien fitxak, materiala, dietak, zelaiaren mantentze lanak eta beste gaineratu behar zaizkio, eta baita bidaien gastua ere, orain urrutiago jokatzen dugunez sarritan autobusak jarri beharko ditugulako. Baina sakrifizioa eginez ea ateratzen dugun" dio Mendietak. Zuzendaritzako kideek jarraitzen dute, eta pare bat kide berri gehiago daude juntan, baina hala ere jende gazteari animatzeko deia egiten diete. Lagun Arteak Lakuntzako igerilekuetako aldagelak erabiltzen ditu, eta horregatik igerilekuetako langileen jarrera bihotzez eskertu nahi dute. "Erraztasun guztiak eman dizkigute, harreman ona dugu eta eskertuta gaude" nabarmendu du Mendietak. Izango dituzten arerio gogorrenak zeintzuk diren galdetuta, Tudelano, Lizarra eta Cirbonero beste maila batean daudela dio presidenteak, eta gainontzekoak parez-pare dabiltzala. Ea hirugarren mailari eustea lortzen duten. Aupa Lagun!Lagun Artea 2010-2011JokalariakGorka Imaz (atezaina, Lakuntza)Javi Gallego (atezaina, Iruñea. Oberenatik dator)Josu Arraiza (atzelaria, Lakuntza)Patxi Beraza (atzelaria, Irurtzun. Ribera Navarratik bueltatzen da)Xabi Bakaikoa (atzelaria, Lakuntza)Mikel Nieto (atzelaria, Iruñea)Iraitz Senar (atzelaria, Lakuntza)Eneko Cruz (atzelaria, Uharte)Ander Zubia (atzelaria, Iruñea. River Egatik dator)Jonathan Medina (erdilaria, Altsasu)Iñigo Palomo (erdilaria, Altsasu)Iñigo Andueza (erdilaria, Iruñea. Burladesetik dator)Jokin Sala (erdilaria, Udabe)Joseba Bakaikoa (erdilaria, Lakuntza)Xabi Burillo (erdilaria, Lakuntza. Lagunaketik dator)Ruben Ibarrola (erdilaria, Iruñea)Endika Santesteban (erdilaria, Iruñea)Unai Bakaikoa (aurrelaria, Lakuntza. Eguesetik dator)Migel Moreno (aurrelaria, Etxarri Aranatz)Arkaitz Gasco (aurrelaria, Altsasu)Ion Mendieta (aurrelaria, Uharte Arakil)Joseba Montoia (aurrelaria, Altsasu)David Andueza (aurrelaria, Iruñea. Burladesetik dator)TeknikoakEntrenatzailea: German IdoateBigarren entrenatzailea: Txelo GonzalezAtezainen entrenatzailea: Benito AnguasLaguntzailea, materialaren arduraduna: Diego CruzMasajista: Jesus Mari Zabarte "Casto"ZuzendaritzaSantiago Mendieta (presidentea), Carlos Ruiz de Erentxun (presidente ordea), Migel Angel Areta (idazkaria), Jose Mari Lanz (diruzaina), Javier Andueza, Jesus Arraiza, Xabi Betelu, Eugenio Ziria, Jesus Mari Goikoetxea, Juan Ignacio Mendieta, Javier Hernandez eta Jesus Mari Zabarte.