Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean makina bat jende bildu zen Lakuntzan, Bategin Egunaren deiak erakarrita. Urdiain eta Altsasu arteko hariztian egitekoa zen ospakizunak eguraldiagatik aldatu zen Lakuntzara. Elkartasunezko lehen adierazpena bildutako jendetza izan bazen, Porrotxekin batera, eszenatokian auzipetuei eta haien seme-alabeei bildutakoek kantatu zieten Maite zaitut kanta ez zen gutxiagorako izan. Aldarrikapena ere izan zen igandean Lakuntzan. Expe Iriartek auzipetuen izenean bildutako guztiei eskerrak eman zizkien. Udalbiltzaren aurkako epaiketa eta indarrean dauden beste auziak "guztien kontrako erasoak" direla esan zuen. Iriartek gaineratu zuenez, "munduaren aurrean herri bezala agertzea dugu helburu, eta horregatik kriminalizatzen gaituzte". Lander Etxabarriak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "jai egunaren ondoren lanean jarraitu behar da. Egoera judizializatuta dugu. Eskubide zibil eta politikoen zapalkuntza nabaria dugu". Etxabarriak "aukera guztiak aurrera eraman ahal izateko inolako oztopo juridiko-polizialik ez izatea" aldarikatu zuen. Igandean jasotako elkartasuna eskertu zuen. Baina ekonomikoa ere, "gastu handiei aurre egiteko balioko baitu". Aldi berean, festaren antolaketan lagundu zuten lakuntzar eta sakandarrendako esker oneko hitzak izan zituen.