Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horrela jarraitzen du Lakuntzako Lagun Arteak, hirugarren mailari tamaina ezin hartu. Haizea izan zen partidako protagonista eta baloia kontrolatzea lan zaila zen. Horregatik, Lagun Artea eta Tudelanoren arteko partida oso lehiatua izan zen. Tudelanokoak lehen zatiko azken txanpan aurreratu ziren, zortea bere alde izanda. Bigarren zatian berdintzea merezi zuen Lagunek, baina Tudelanok haztatu zuen berriz, 0-2 aurreratuz. Lagun Arteako Gasco zelairatu zenean partida eraldatu zuen. 64. Minutuan Unai Bakaikoak gola sartu zuen, 1-2 ezarriaz, eta ondoren atezainaren aurrean bakarrik geratu zen Unai, baina berdinketaren gola zirudiena huts egin zuen. Aparteko meriturik egin gabe irabazi zuen Tudelanok, Lagun Arteak ez baitzuen galtzea merezi izan, eta lider jarraitzen du Tuterako taldeak. Jokatutako sei jardunaldietan galdu egin du Lagun Arteak, eta sailkapenean azpian dago. Igandean Iruña taldea izango dute arerio, Iruñean. Ea lakuntzarrek txanponaren beste aldea ezagutzen duten.