Oibarko Sancharen historia antzerkira

Guaixe 2010eko azaroaren 9a

Urriko azken asteburuan Erdi Aroko feria egin zuten Zangozaldeko Aibar herrian. Egitarau zabalean leku nabarmena izan zuen Sancha de Aibar antzezlanak. Haren sustatzaileetako bat izan zen Oihane Andueza lakuntzarra. Oihane Anduezak Oibarkoa du ama. Bertako lagun Fernando Otanorekin batera, Erdi Aroko ferian jarduera berezi bat antolatzeko premia ikusi zuten. Egokia iruditu zitzaien Oibarko Sancharen historia antzerkira eramatea. Toti Martinez de Lezea idazlearen Las Torres de Sancho liburutik ideia hartu eta historian aditua den herritar baten laguntzarekin, antzerkiaren gidoia prestatu zuten. Imanol Espinazo antzezleak egin zituen azken egokitzapenak eta zuzendari lanak. Antzezle, musikari eta teknikarien artean 40 herritarrek parte hartu zuten antzerkian. Horien artean ziren Oihane eta Izaskun Andueza, Iñigo Aldunate, Aitor Aldunate eta Alain Razkin lakuntzarrak. Antzerkiaren arrakasta itzelaren ondoren, hirugarren emanaldi bat egitea aztertzen ari dira.HistoriaDatu historiko gutxi daude Oibarko Sanchari buruz. X. eta XI. mendeen artean bizi zen.Zangoza aldeko Oibar herriko familia oneko alaba zen. Alargun geratzean Erregearen Gortera bidali zuten. Antza denez, Sancho III. Nagusiaren sasikume Ramiro Oibarko Sancharena zen. Erregeak semea onartu zuen eta Aragoiko errege izan zen.Lakuntzan antzerkia lantzenOraingoz Lakuntzan ez da horrelako egitasmorik sortu. Hori bai, Oihane Anduezak, iaz bezala, herriko haurrekin antzerkia lantzen jarraituko du. Izaskun Igeltzekin batera dabil begirale. Biak Lakuntza Txingurriyek taldeko kideak dira eta gogotsu hasi dute ikasturte berria. Beste zenbait boluntario ere lanean jarri dira dagoeneko. Eskolaz kanpoko zenbait jarduera antolatu dituzte.