Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Udalak herritarren parte hartzea sustatzeko onartu zuen Herritarren Eskubideen Karta. Haren barruan daude Herritarren Parte-hartzearen araudia eta parte-hartzearen garapenerako plana ere. Hori guztia Lakuntzako Kontseiluak bideratuko du. Paperean jasotakoa lantzen hasi dira dagoeneko. Urriaren 21ean bildu zen lakuntzarren parte-hartze batzarra. Han bildutakoei Udalak 2011ko aurrekontuen zirriborroa eta parte-hartze metodologia aurkeztu zien. Guztien artean 40.000 euro zertara bideratu erabaki behar dutela azaldu zieten bildutako lakuntzarrei eta haiek ordezkatzen dituzten taldeei. 15 egunero bilerak egin dituzte eta, dagoeneko, dirua zertara bideratu proposatu dute. Lakuntzako Udalak horiek jaso eta haren ustez lehentasunezkoak direnak markatuko ditu. Hurrengo ostegunean eginen den bileran jakinaraziko die udalak hori parte-hartze taldeko kideei. Bildutakoen iritziekin zehaztuko da diru-saila zertara bideratuko den.Proposamenak Haiek jasotzeko epea heldu den asteazkenean despedituko da, baina, oraingoz hauek jaso dira: web orria berritzea; eskolako leiho eta pertsianak aldatzea; Itsesaldeko futbol zelaira joateko bideberria gurutzatu behar da eta arriskua murrizteko neurriak hartzea; dermioko bideak konpondu; hobekuntzak hilerrian; Sakana pilotalekua konpondu eta areto futboleko ateen segurtasuna hobetu; igerileku eta futbol zelai inguruan argi gehiago jartzea; saskibaloi saskiak jartzea; igerilekuko gela handian berotze-hozte sistema jartzea; beheko Larrañetako parkera sartzeko ateak konpondu, pista konpondu eta kanastak jarri eta, azkenik, Aldabide kalean eta Mikel Arregi kalean ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak hartu.