Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako zuzendaritza batzordeak erabakia hartzerakoan kontuan izan du Lakuntzako enpresak sorreratik, 1977tik, esportazioaren aldeko apustua egin zuela. Horrekin batera, enpresak lakuntzarrari saria ematerakoan beste hiru faktore ere kontuan izan ditu: altzairuaren fundizio sektoreko enpresa izatea, Sakanan kokatuta egotea eta azpikontratua izaten den enpresa bat izatea. Aceros Moldeados Enpresa Jose Antonio Vicuña Rodruigezek, Pedro Lazkanok eta Ricardo Gardek sortu zuten, eta haien seme-alabek zuzentzen dute gaur egun. Gehien bat altzairu herdoilgaitz eta karbono erakoaren fundizioan aritzen da. Aurki Lakuntzatik Arbizuko industrialdera lekualdatuko da, etorkizunean ekoizpen ahalmena bikoiztu ahal izateko. Gaur egun ekoizpenaren %61 esportatzen du Lakuntzako enpresak: Frantzia (%46), Alemania %28), Belgika (%13), Italia (%7) eta Holanda (%3); baita Hungaria, Austria, Norbegia, Erresuma Batua, Suedia, Suitza eta AEB. Estatu espainiarrean egiten duen negoziorik handiena multinazionalekin egiten du eta haien bidez piezak beste herrialde batzuetan bukatzen dituzte. Atzerrian lan egin ahal izateko oso garrantzitsua izan da enpresarendako kalitate ziurtagiriak lortu izana. Horien artean daude EN-ISO-9000, ISO 9001 eta ISO 14001. Horretaz gain, Frantzia, Korea, Japonia, Alemania, AEB edota Norvegiako ikuskaritza entitateen homologazioa du enpresak. Horrek guztiak Lakuntzako enpresaren kalitatearekiko apustua azpimarratu besterik ez du egiten. Lehen piezak seriean ekoizten bazituen, gaur egun espezializatu egin da eta kartara egindako piezak egiten ditu Aceros Moldeados de Lacunzak. Pieza horiek material konplexuz eginak dira eta, normalean, tamaina handia dute. Lakuntzan moldetik hasi eta akabera arteko prozesu guztia egiten dute. Lakuntzan egiten diren piezak honako sektoreetan erabiltzen dira: kimika, petrokimika, urari gatza kentzeko plantak (2004tik, ekoizpenaren %10 da), nuklearra (2005etik, ekoizpenaren %8 da), petrolio plataformak, gasa, hidraulikoa eta termikoa.