Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Badirudi Lakuntzako Lagun Arteak bolada ona topatu duela eta ez diola alde egiten utzi nahi, pilatu dituen puntuei esker farol gorria atzean utzi baitute. Igandean Lagun Arteak Murtxante izan zuen aurkari, eta 4-2 nagusitu ziren lakuntzarrak. Orain arteko partida onena jokatu zuen Lagun Arteak eta merezitako garaipena lortu zuen. Murtxanteakoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, baina Gascok berdintzea lortu zuen. Atzera ere Murtxantek gola sartu zuen eta Laguneko Nietok bina berdindu zuen. Hortik aurrera Nietok eta Unai Bakaikoak 4-2koa ezarri zuten. Tudelanok jarraitzen du lider eta Lagun Artea jaitsiera postutik atera da, baina gauzak oso estu daude sailkapenaren beheko aldean. Igandean Aluvion taldearen kontra jokatuko du Lagunek. Bestalde, abenduaren 4an Lizarrako River Egak 1-3 irabazi zion Lagun Arteari, baina abenduaren 8an Lagun Arteak 4-5 irabazi zion Lourdesi Tuteran jokatutako partidan. Unai Bakaikoak lau gol sartu zituen. 0-4 aurreratu ziren Lakuntzakoak, baina Tuterako taldea esnatu zen eta launako berdinketara hurbildu ziren. Tuterakoak saiatu ziren, baina azkenean Lagun Arteak bosgarrena sartu eta hiru puntuak ekarri zituen Tuteratik.Bukaeran polemika izan zen, aldageletara bidean Lagun Arteako Xabi Bakaikoari ukondo bat eman ziotelako buruan. Lurrera erori zen lakuntzarra eta tentsio uneak izan ziren, baina zorionez ez zen ezer larririk gertatu.