Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Zabalarte elkartea aspalditik dabil lanean. Elkartearen egiteko nagusia lasterketak antolatzea izan da orain arte. Lehen Guardetxe Igoera mendi lasterketa antolatzen zuten, baina duela 8 urte Lakuntza-Aralar Mendi lasterketa antolatzen hasi ziren, proba gogor eta luzeagoa, aurtengo ekainean VIII. edizioa izango duena. Horretaz gain, duela urte batzuk Lakuntzako Herri Lasterketa antolatu izan zuten, baina proba antolatzeari utzi zioten. Bada, Zabalarte kluba berrindartu egin da, elkartearen barruan mendiko kluba edo sekzioa antolatu baitute. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioan erregistratu egin da Zabalarte kluba, eta hemendik aurrera aipatu federazioan federatu nahi duenak Lakuntzako Zabalarte klubaren bidez egin dezake. Momentuz 30 pertsona inguru federatu dira Zabalarte klubarekin, gazteak eta helduak. Helburua urtean irteeraren bat edo beste egitea da, taldea mugitzen hastea, finean. Horretaz gain, Lakuntza-Aralar mendi lasterketa antolatzen segituko dute. Zabalarte mendi klubaren "sorrera" ospatzeko, urteko azken egunean, abenduaren 31n, mendi irteera antolatu zuten. 25 lakuntzar inguruk erantzun zioten deialdiari eta Lakuntzatik Aralarrera joz, Arangun gainean dagoen Lakuntzako eskuarria, harri berezia izan zuten helmuga. Han atseden hartu, gero Arruazuko portutik jaitsi, eta herrira helduta, Lakuntzako Pertza elkartean Zabalartek eskainitako auzate ederrean bildu ziren ibilbidea osatu zutenak, giro ederrean. Horretaz gain, Zabalarte klubak San Silbestre lasterketa antolatu zuten abenduaren 31n, txokolatada eta guzti.