Blas Alegria gogoan

Guaixe 2011ko otsailaren 4a

Gaurko egunarekin, 1883ko Santa Ageda bezperan jaio zen Lakuntzan Blas Alegria apaiza eta idazlea. 128 urte beranduago, argitalpen egunak eta bere jaiotegunak bat egin duten honetan, gogora ekarriko dugu lakuntzarraren ibilbidea. Blas Alegria Dendaberri etxeko semea zen. Joxemiel Bidator zenak ederki ezagutzen zuen Blas Alegriaren emaria. Haren esanetan, lakuntzarra eite serioko gizona izateagatik ere, xelebrea eta umore onekoa omen zen. Lehendabiziko ikasketan Bitoriano Huizi etxarriarrarekin egin zituen Unanun. Teologia amaitu ostean - dirudienez ederki kostata-, Lakuntzan apaiz laguntzaile, urte batzuetan errotore eta Arakilgo kaperau izan zen. 1925ean Iruñeko apaiztegian sartu zen. Han, guda arte iraun zuen Iruñeko Euskararen Adiskideak elkarteko kide izan zen. Donostiako Euskal Esnalea aldizkariko kolaboratzailea izan zen eta Olabe Liburutegiko Patronatuko lehiaketetan maiz parte hartu zuen. Gainera hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaborazioak idatzi zituen. Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkarian ere zenbait lan argitaratu zituen. Hona argitaratu zituen idazlan ezagunenetakoak: Lakuntzako pertza (1926), sona handia izan zuena; Aña Mari antzerkia (1928), Lakuntzako Baratzarrekalde baserrian kokatua; Gure Ama iker-lan elebiduna (1931) eta Liliya (1932) idatzi zituen. Azken horrek Olabe Saria irabazi zuen. Horrez gain, hitzaldiak ere ematen omen zituen.Lakuntzako idazleak asko maite zuen bere lurra eta bertako hizkuntza, ohiturak, kirolak, musika eta bestelakoak. Bere idatziak Sakanako hizkeraren eta garai hartako ipuin eta elezaharren testigu ederrak dira. Blas Alegria 1947ko urriaren 12an hil zen bere jaioterrian. 1983ko azaroaren 9an Euskaltzaindiak omendu egin zuen Lakuntzan.