Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Partida bikaina jokatu zuten igandean Lakuntzako Lagun Arteak eta Izarrak. Izarra bigarrena da sailkapenean, eta nabaritu zen. Dominatzen hasi ziren baina Lagun Arteak ez zizkion gauzak batere erraztu Izarrari. Ondorioz, bisitariak ez zeuden eroso eta kosta egin zitzaien Lagun Artearen atera iristea. Baina bigarren zatian gauzak zeharo aldatu ziren. Ongi atera zen Lagun Artea, baina Izarrako Palacios jokalariaren sarrerak eta lehen zatian egindako esfortzuak eragina izan zuen Lagun Artean, eta beherakada izan zuten. Izarrak partida handia egin zuen hortik aurrera eta bigarren postuan zergatik dagoen erakutsi zuen, hiru gol sartu baitzituen. Ziurrenik Zelai Berritik orain arte pasatu den talde onena izan zen. Bost partida galdu gabe egon ondoren Izarrak Lagun Artearen bolada ona apurtu zuen, baina merezimendu osoz izan zen garailea. Sailkapen orokorrean Tudelanok jarraitzen du lider. Lakuntzako taldea 15. postuan dago. Igandean Tuteran jokatuko du Lakuntzako taldeak, Tudelano lider handiaren kontra. Partida oso konplikatua izango da eta Tudelano da faborito nagusia, baina Lagun Arteak sorpresa eman nahiko du. Ea lortzen duen.