Txantrea Lagun Artea baino gehiago izan zen

Guaixe 2011ko otsailaren 28a

Txantreak garaipen eroso bat lortu zuen Lagun Artearen kontra. Berehala aurreratu zen Iruñeko taldea, hirugarren minuturako, Txantrearen aldeko penaltya agindu baitzuen arbitroak, Txantreako Abarzuzari egindako falta batengatik. Lagun Arteakoak egoerari buelta ematen saiatu ziren eta partidaren ardura hartu zuten bere gain, eta partida berdintzeko bi jokaldi argi izan zituzten, baina huts egin zuten. Bigarren zatian, eta Txantreako kontraeraso baten ondoren, 2-0 aurreratu ziren Iruñekoak. Lakuntzakoen moralean eragin zuzena izan zuen gol honek, eta nahiz eta oraindik ere saiatu, beherantz egin zuen Lagun Arteak. Txantreak erasoan jarraitu zuen eta hirugarren gola sartu zuen. Partida ona izan zen, eta Txantreak merezitako garaipena lortu zuen. Sailkapen orokorrean Tudelanok jarraitzen du lider eta Lagun Arteak hirugarren mailari eusteko borrokan jarraitzen du. Igandean Lagun Arteak Agoitz taldea hartuko du Zelai Berrin. Ea mantentze borroka horretan jokoan dauden hiru puntuak pilatzeko gai den Lakuntzako taldea.