Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bide ertzean taldea Don Inorrez diskoaren aurkezpen biran dago. Batetik besterako bidean, gaur gauean geldialdia eginen du Lakuntzan. Azken albumeko kantuak eta taldearen abesti klasikoak entzuteko parada izanen da. Ubeda anaien taldeak bertsio akustikoak eta elektronikoak eskainiko ditu.Don Inorrez Azpeitia eta Azkoitia inguruan haurrak beldurtzen dituen pertsonaia da. Helduek esandakoa bete ezean, harekin mehatxatzen zituzten haurrak. Ubeda anaiek eta taldekideek pertsonaiari bizia eman diote eta haren historia kontatu dute. Abesti horrek ematen dio izena azken diskoari. Bide ertzean taldeak ibilbide oparoa du. Bereziki arrakastatsua izan zen Non dira diskoa, Gerra Zibilaren ingurukoa. Disko hartan gogoan izan zuten, besteak beste, Ubedatarren birraitona, Jose Ubeda Sanchez altsasuarra. Epaitegiko langilea eta UGTko kidea zen eta gerra hasi eta berehala, preso hartu eta Urbasan fusilatu zuten. Familiak erbestera jo zuen. Lan hura ezagutarazteko asmoz, arbasoen herrian, Altsasun izan ziren 2007an. Gaur Sakanara itzuliko dira.