Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Transgrancanaria ultratrail gogorra jokatu da Kanaria Handia irlan. Playa del Inglesen hasi eta Las Canteras bitartean, 123 km-ko mendi lasterketa gogorra zen jokoan zegoena, 8.500 metroko desnibel pilatua zuena. 250 korrikalarik hartu zuten irteera ostiral gauean, eta horietatik 191 korrikalarik lortu zuten helmugara iristea. Azkarrena Zigor Iturrieta euskalduna izan zen (13:22:37), 13 ordu pasa korrikan eman eta gero. Emakumezkoetan, aldiz, Lizzy Hawker nagusitu zen (15:55:47), Nerea Martinez iruindarraren aurretik (16:47:34). Parte hartzaileen artean sakandar bat izan genuen, Nourdine Jdi Baba lakuntzarra. Proba bukatzea lortu zuen, 80. postuan helduz (22:26:02). GERTUTIKNourdine Jdi Baba, Transgrancanarian parte hartu duen korrikalariaZer moduz joan da Transgrancanaria ultratraila?Nahiko gogorra izan da. 20 ordutan despeditzeko nahia nuen, baina azkenean 22 ordu pasa eman nituen. Eguraldiak ere ez zuen lagundu. Gau guztia euria egiten eman zuen eta nik ez nuen sirarik ez txubaskerorik hartu. Bustita... nahiko gogorra egin zitzaidan. Baina bukatzea lortu nuen eta alde horretatik pozik, 191 korrikalarik abandonatu zutelako. Zure lehendabiziko ultratraila da?Ez. Iaz Ehunmilak ultratraila egin nuen. 167 km eta 25.000 metroko desnibeleko proba zen, eta bukatzea lortu nuen. Kanarietakoa 123 km-koa zen, eta 9.000 metroko desnibelekoa. Kanarietakoan 30. km-tik 80. km-ra bitartean desnibel gehiena zegoen, eta oso gogorra izan zen zati hori. 1.900 metrokoa izan zen igo ginen altuerarik handiena. Aldiz, Beasaingoa luzeagoa zen baina mailakatuagoa, nibelatuagoa, ez ziren aldaketa handi horiek bat-batean ematen. Zenbat eguneko egonaldia egin duzu Kanarietan?Asteazken gauean joan nintzen eta astelehen arratsaldean itzuli. Astearterako dagoeneko lanean nengoen. Hemendik aurrera zein asmo dituzu?Proba luzeak gustuko ditut, gusturago aritzen naiz. Nahiz eta distantzia luzeagoak izan, erritmoa lasaiagoa da. Proba motzagoetan azkarrago doaz korrikalariak, erritmoa oso altua da. Aurten uztailean Ehunmilak egiteko asmoa dut eta urrian Hueskan 90 km-ko proba bat dago eta ikusiko dut bertan arituko naizen hala ez. Bestalde, inguruko mendi lasterketa laburragoetan ariko naiz. Uhartekoan eta Olaztikoan ziurrenik, baina Lakuntzakoan ez dakit aritzerik izango ote dudan, antolakuntzan nagoenez igual lan egitea tokatuko zaidalako. Nola prestatzen da halako lasterketa luze baterako?Entrenamendua bakoitzak duen denboraren arabera izaten da. Nik 8 ordu ematen ditut fabrikan lanean eta horretaz gain, UNEDen sartu ahal izateko ikasten ari naiz. Hortaz, denbora gutxi daukat, eta sarritan gauean ibiltzen naiz korrikan, frontala jarrita dudala. Batez ere asteburutan ibiltzen naiz. Goizter jaiki eta gauean itzultzen naiz etxera batzutan, ordu asko korrikan eman eta gero. Behin Lakuntzatik Zumaiaraino joan nintzen korrika. Gehiena mendi, baso eta soroetatik barna, baina tarteka errepideetatik ere. Igoerak ibiltzen egiten ditugu, eta jaitsierak onak badira, korrikan jaisten gara. Dena den neguan entrenatzeko gaizki ibiltzen gara, berehala iluntzen duelako, euria, elurra edo eguraldi txarra egiten duelako... Uztailean, esaterako, askoz hobeto gaude, ordu pila eman ditugulakoeta puntua hartu dugulako. Elikadura ere zaintzen duzu?Denetatik jaten saiatzen naiz, eta asko, gainera. Asko gastatzen dut eta behar dut. Kanarietako proban korrikalari batzuk ospitalera eraman zituzten gaizki jan zutelako. Nik mareoren bat izan nuen, eta nahiko justu bukatu nuen. Zer esaten dizute gertukoek?Beno, sarritan entzuten dut eroak gaudela eta halakoak. Baina lehen gehiago. Lehen oso gutxi ginen mendian korrika ibiltzen ginenak, baina duela urte batzuk sekulako booma egon zen eta gaur egun jende dexente ibiltzen da korrikan.