Dolua Lagun Artea futbol taldean

Guaixe 2011ko apirilaren 10a

Larunbata egun gogorra izan zen Lakuntzan, ezustean Lagun Artea taldeko presidente Santiago Mendietak bizia galdu baitzuen. Uharte Arakilen bizi zen Santi Mendieta eta paseo bat emanez larunbat goizean Lakuntzara zihoan, Zelai Berri futbol zelaira, igandean Lagun Arteak eta Idoyaren arteko partida hartuko zuen zelaia juntakideekin batera puntuan jartzera. Arruazu parean gaizki sentitu eta ziplo erori zen, bizia galduz. Dirudienez bihotzeko bat jota hil zen 56 urteko lakuntzarra, baina autopsiak argituko du gertatutakoa. Berria jakin bezain pronto zur eta lur geratu ziren lakuntzarrak eta samina zabaldu zen herrian, horren gazte eta bat-batean hildako herritar baten heriotza ez baita asimilatzeko gauza erraza. Izan ere, oso ezaguna da Mendieta familia, tartean Irumendi eraikuntzak enpresako nagusiak baitira. Horretaz gain, Santi Mendieta beti egon da Lagun Artea futbol taldearen alde lanean. Klubeko presidente moduan hainbat urte eman ditu, lan handia eginez, eta klubaren alde lan ordu asko sartutakoa da. Urtero taldearen ibilbide eta asmoen berri emateko hartzen gintuen Santik, eta gustura ibiltzen ginen berarekin solasean. Hirugarren mailara igo zen aurten Lakuntzako taldea, eta erronka hirugarren mailari eustea zela azaldu zigun Santik. "Bertako jokalarien aldeko apustua egin dugu eta uste dugu hirugarren mailari aurre egiteko taldea badugula, talde gaztea. Badakigu oso zaila izango dela baina gogoz saiatuko gara" adierazi zigun denboraldi hasieran Santi Mendietak. Talde buru-belarri dago lanean helburu hori lortzeko, eta hain zuzen ere igandean Lourdes taldearen kontra partida erabakiorra zuen Lagun Arteak. Baina presidentearen zorigaiztoko heriotzaren aurrean partida bertan behera utzi eta atzeratzea erabaki zen, jokalariak eta kluba bera jota daudelako. Gainera, Santiren seme Jon partida jokatu behar zuten jokalarien artean zegoen. "Ez gaude partida bati aurre egiteko egoeran" adierazi zuen Lagun Arteako entrenatzaile German Idoatek. Gertatutakoa ezin sinetsi zeuden guztiak. "Bezperan entrenamendua eta gero Laguneko jokalariak eta zuzendaritzakoak meriendatzen aritu ginen, giro onean, tartean Santi zela eta hurrengo egunean zorigaiztoko berria iritsi zitzaigun. Sinetsi ezina da" zihoen jendeak. Santiago Mendietaren aldeko hileta elizkizunak astelehenean egin ziren Uharte Arakilgo San Juan Bautista elizan.