Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteburuan presidentearen heriotzagatik partida bertan behera utzi eta gero, Lagun Arteak ligari ekin zion berriro, larunbatean Andosillan River Egaren taldearen kontra arituz. Bi taldeendako hil ala biziko partida zen, sailkapeneko behe postuetan egonda hirugarren mailari eustea baitzuten jokoan. Lagun Arteakoek besoko beltzarekin jokatu zuten eta minutu bateko isilunea gorde zen Lagun Arteako presidente izandako Santi Mendietaren alde. River Ega erasoan hasi zen hasieratik, hiru puntuak eskuratzeko asmoz. Baina Andosillakoek aukera asko alperrik galdu zituzten, eta Lagun Arteakoek, aldiz, ongi erantzun zieten arerioen ahaleginei. 23. minutuan Lagun Aurreratu zen, Cruzek sartutako golari esker. River Ega saiatu eta saiatu aritu zen, baina ez zuen kontrako atean zorterik izan, akats ugari egin baitzituen. Kontraerasoko jokaldi batean, 84. Minutuan, Lagun Arteako Montoyak bigarren gola sartu zuen eta horrela bukatu zen partida. Lagun Arteak hirugarren mailari eusteko borrokan aukerak baditu, baina River Egako jokalariak negar batean gelditu ziren, apenas aukerarik gabe geratu direlako. Tudelanok irabazi zuen eta nahiz eta oraindik liga despeditzeko lau jardunaldi geratu, liga txapeldunak dira. Lakuntzako taldeak salbaziorako aukerak baditu eta hurrengo partidetan fin jarraitu beharko du taldearen helburu nagusia, hau da, hirugarren mailari eustea, lortzeko. Apirilaren 21ean Lagun Arteak Tuterako Lourdes taldea hartuko du Lakuntzan, eta apirilaren 31n, Murtxanten jokatuko dute lakuntzarrek, Murtxanteren kontra. Maiatzaren 4an, asteazkenarekin, Idoyaren kontra atzeratutako lehia hartuko du Zelai Berrik.