Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jokin Alegria Kale-k bere bi pasioak batu ditu Lakuntzako Sorginak tabernako margo erakusketan: margolaritza eta musika. Pasa den urtean musikari ezagunez apaindu zituen Lakuntzako tabernako paretak. Bada, orain, gitarra joleek hartu dute txanda. Lakuntzako margolariak dimentsio handitako 9 koadro egin ditu, gehienak pastelez eginak, baina bada olioz egindako bat ere. Guztiak ere margolan errealistak dira. Tabernak margolari hasi berriak ezagutzera emateko interesagarriak direla dio. Hala ere, lakuntzarrek bere lanarekin gozatzeko beste aukera bat izanen dute. Aurki erakusketa eginen du udaletxean. Jokin Alegria Kale anaiaren altzoan murgildu zen margogintzan. "Hari ikusita animatu nintzen eta berak eman zizkidan lehen aholkuak" azaldu digu. Ondoren, Iruñeko akademian izena eman eta eboluzio handia sumatu zuen. Bide hori jarraituz, 3 irakaslerekin pastel eta olioa lantzen jarraitzen du. "Asko ikasten da" dio lakuntzarrak.Iruñeko galerianApirilaren 15etik 28ra Iruñeko Orizuru galeriako talde erakusketan parte hartu du Jokin Alegria Kale-k, beste zazpi margolarirekin batera. Esperientzia berria zen Jokinendako eta lakuntzarra pozik geratu da. "Margolariak eta mundu horretan dabilen jendea ezagutzeko aukera ona izan da. Gainera margolanak saltzeko aukera zabaltzen du" azaldu digu.