Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Idoiaren kontra atzeratutako partida atzokoan jokatu zuen Lagun Arteak. Lakuntzarrek galdu egin zuten eta liga despeditzeko bi jardunaldiren faltan mailari eusteko egoera zailean daude. 17. dira sailkapenean, azken laugarren, 37 punturekin. Puntu berak ditu postu bat gorago dagoen Aluvionek. Lagun Arteak igandean hain zuzen ere bere aurkari zuzena hartuko du. Lakuntzarrak irabaztera atera beharko dute hirugarren mailari eutsi nahi badiote. Atzoko partidari dagokionez, Lagun Artea primeran hasi zuen partida. Zaleek 2. minutuan penaltia eskatu zuten, baina epaileak ez zuen hala ikusi. Hala ere, 5. minuturako aurretik ziren lakuntzarrak, Montoyaren gol bati esker. Onodren Unai Bakaikuak min hartu zuen eta lakuntzarren erasoan nabaritu zen. Idoyak Lagun Artearen defentsak emandako erraztasunak baliatuz atsedenaldira aurretik joan zen, 1-2ko markagailuarekin. Aldagelatik atera ondoren, bisitariak atzean itxi ziren eta mailari eustea ziurtatzen zion markagailua defendatzeari ekin zion. Denbora galtzeko makina bat trikimailu erabili zituen eta, gainera, luzapenean 3. gola sartu zuen. Zaleek jokoz kanpokoa eskatu zuten eta epailearekin oso haserre bukatu zuten. Berdinketa merezi zuen partida galdu zuen atzokoan Lagun Arteak.