Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Cascanteko Aluvion taldea hartu zuen Lakuntzan Lagun Arteak. Atzeko postuetan egonda, bi taldeek asko zuten jokoan: hirugarren mailari eusteko borrokan zeuden hiru puntu erabakigarriak bereganatzea. Eta, tamalez, hiru puntu horiek ihesi joan zitzaizkion Lakuntzako taldeari.Aipatzekoa da partida nahiko kaxkarra izan zela, eta baloiaren jabetza lakuntzarrena izan zen. Baina asteazkenean lesionatu zen Unai Bakaikoa aurrelariaren falta izugarri sumatu zuen taldeak. Izan ere, lakuntzarrak aurrean asmatu gabe ibili ziren. Bigarren zatiko 65. minutuan Aluvioneko Youssefek gola sartu zuen, gol tonto horietako bat, atera sartuko ez zena zirudiena, baina, tamalez, barruraino sartu zena. Etxekoak saiatu ziren, baina azkenean 0-1 bukatu zen lehia. Aluvionekoek pozik ospatu zuten hirugarren mailan jarraitzea ahalbideratu zien garaipena. Eta Lagun Arteako jokalari eta zaleak, aldiz, burumakur itzuli ziren etxera, egoera izugarri konplikatu baitzaie.Horrela, asteburuan, hirugarren mailako azken jardunaldian, ikusiko da Lagun Arteak hirugarren mailari eusten dion ala ez. Jaitsiera postuetan dago Lagun Artea, baina beheko postuen arteko aldea oso estu dagoenez, oraindik ere salbaziorako aukerak baditu Lakuntzako taldeak. Larunbatean sailkapenaren erdialdean dagoen Oberenaren kontra ariko dira lakuntzarrak, eta ea zortea alde duten, irabazi, gainontzeko taldeek egun txarra izan, eta hirugarren mailan jarraitzea lortzen duten. Salbazioa miraria litzateke, baina batzuetan mirariak gertatu ere gertatzen dira. Altsasu Kopatik kanpoErregional mailako Nafarroako Kopako lehen errondako itzuliko partida jokatu zuen Altsasuk Corellan, Corellano taldearen kontra. Joanekoan galdu eta gero, irabazi beharra zeukan Altsasuk, baina hori ez zen inondik inora gertatu, Corellanok 5-3 hartu baitzuen menpean Altsasu. Altsasu aurreratu zen markagailuan, baina Corellakoek egoerari buelta eman zioten, eta nola, gainera. Nahiz eta markagailua kontra izan, Altsasuko jokalariak ongi aritu ziren, gogor lehiatuz, eta ez zuten partida galdutzat eman. Corellanok lortu du Kopako hurrengo errondara pasatzea eta Altsasu bidean geratu da, hori bai, itxura ona emanda.