Lagun Arteak hirugarren mailari agur

Guaixe 2011ko maiatzaren 16a

Aurten hirugarren mailara igo zen Lakuntzako Lagun Arteak asteburu honetan jokatutako azken jardunaldian mailari eustea zuen jokoan. Gauzak nahiko konplikatuak zituen Idoatek zuzentzen duen taldeak: lehenik eta behin, Oberena hartu behar zuen menpean, eta, bigarrenik, Zizurko Ardoiren emaitza itxaron, hau da, Ardoik galtzea. Bada, Lakuntzako taldeak ezin izan zuen Oberenaren kontra eta zuzenean preferente mailara jaitsi da.Egia esan, azken txanpan animuz ere ez dira oso ongi egon Lakuntzako taldekoak. Apirilaren hasieran Lagun Arteako Santiago Mendieta presidentea hil egin zen, bihotzekoak jota, eta aurreko astean Lagun Arteako juntako kide eta jokalari baten aitak, Jesus Arraizak, bizia galdu zuen gaixotasun luze baten ondorioz. Jakina, hori oso gogorra izan da klubarendako eta jokalariendako. Horretaz gain, onartu beharra dago hirugarren mailan dabiltzan taldeen aurrekontu baxuenetakoa duela Lagun Arteak eta herriko eta gertuko jokalariekin aurre egin diola denboraldiari. Asko saiatu da taldea eta dena eman du, baina, azkenean, ez da mailari eusteko gai izan. Igandean Oberena Lagun Artea baino gehiago izan zen. Partida minutu bateko isilunearekin hasi zen, Lorcako hildakoen alde eta Lagun Arteako juntako kide Arraizaren alde. Dominatzen hasi zen Iruñako taldea, eta oso indartsu zelairatu zen. Lagun Arteak atzean jokatu zuen, defentsa lanetan, kontraerasoen zain, eta berehala dominatzera pasatu ziren; partida irabazi nahi zutela argi zegoen. Corner baten ondorioz aurreratu ziren Oberenakoak, baina Lagunekoek ez zuten behera egin. Bigarren zatiko lehen bost minutuetan Oberenak izan zituen bi gol aukeretan asmatu zuen, 3-0 aurreratuz. Lagun Artera erasora pasa zen eta 3-2 hurbiltzea lortu zuen, Gasco eta Cruzen golei esker. Behin eta berriz saiatu ziren Lakuntzakoak, eta emozioa pil-pilean egon zen, baina ez zuten kontrako atean gehiago asmatzea lortu. Unai Bakaikoa aurrelariaren falta sumatu zen Lakuntzako taldean. Gainera, 90. minutuan 4-2koa sartu zuen Oberenak. Horrela, galdu eta gero jaitsiera postutan geratu da Lagun Artea eta mailaz jaitsi da. Hurrengo denboraldian preferente mailan ariko da. Gogoratu, aurten preferenten ari zen Etxarri ere mailaz jaitsi dela. Hortaz, hurrengo denboraldian Etxarri eta Altsasu erregional mailan ariko dira, eta Lagun Artea preferente mailan.