Bildu indartsu

Guaixe 2011ko maiatzaren 27a

Lakuntzarrek igandean hautestontzi bakarrean eman behar izan zuten botoa, Nafarroako Parlamenturakoan hain zuzen. Udal hauteskundeetara aurkeztutako bi zerrendetatik bat erretiratu eta bestea Espainiako epaitegiek baliogabetu zuten. Hortaz, udazkenera itxaron beharko dute lakuntzarrek udala berritzeko. Foru hauteskundeei dagokienez, duela lau urte baino parte hartze txikiagoa izan zen, 20 puntu inguru. Igandean botoa eman zuten lakuntzarren erdiak Bilduren alde egin zuten. Laurden batek, berriz, NaBai2011ren alde. Bi zerrenda abertzaleek aurreko deialdiarekin alderatuta 90 boto galdu dituzte. Parlamenturako hirugarren indarra Lakuntzan UPN izan da. Erregionalistek %3 inguru egin dute behera, hain justu PPk lortzen dituen bozak. Hala ere, eskuineko blokeak aurreko deialdiarekin alderatuta 19 boto galdu ditu. Sozialistek ia babesen erdia galdu dute lakuntzan. Izquierda-Ezkerrak bere mailari eutsi dio, beherako joerarekin. Bozen %1 baino gehiago bildu duen beste taldea Nafarroako Berdeak izan da.