Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikasturte osoko lanaren ondoren, Lakuntzako Elai Alai dantza taldeak bere eguna ospatu zuen larunbatean. Eguerdiko 12:30ean kalejira egin zuten "herritarrei bizirik eta indartsu gaudela esateko". Azken urteetan Arbizuko eta Arruazuko dantzari txikiak sartu dira Lakuntzako taldean eta, hortaz, kalejira gero eta jendetsuagoa da. Urko Mauduit irakaslearen hitzetan "eguna gurea da, baina musikak eta dantzarien jai giroak erakarrita, zenbait herritar batu ziren kalejirara". Festa herriko plazan lehertu zen dantzari txikien, gazteen eta helduen dantza ederrekin. Dantzariak hasieran urduri bazeuden ere, herritarren txaloekin animatuta, gozatu egin zuten. Bereziki arrakastatsua izan zen lau mutikotxoen dantzaldia. Dantzari txikiak Zazpi Jauzi eta normalean helduek dantzatzen duten Iparraldeko polka dantzatzera ausartu ziren, baita Agoitzen mustu zuten Polka pik dantza ere. Gainera, zenbait dantzetan, Kolpe-kolpeka esaterako, gogotsu abestu zuten. Helduek ere erakustaldi ederra eskaini zuten. Aipagarria da Arizkungo Erregiñe dantza berezia, jaunartzea islatzen duena. Lanaren ondoren, indarrak berreskuratu zituzten bazkarian. Asteburuan ArbizuraElai Alai handituz doa eta, horrekin batera, dantza taldearen konpromisoak. Larunbatean, eguerdian, dantzaldia eskainiko dute Arbizuko festetan. Ondoren, Elai Alai dantza taldeak merezitako oporrak hartuko ditu.